Talde terrorista islamdar batek atentatua egin zuen 2015eko urtarrilaren 7an Charlie Hebdo astekari satirikoaren aurka; 12 lagun erail zituen. Urte bereko azaroaren 13an, islamdar terrorista batzuek 131 lagun erail zituzten Parisen. Kontua lehendik zetorren: 1989an Khomeini aiatolak islamdarrei deitu zien Salman Rushdie hiltzeko, idazle horrek idatzitako liburu batengatik. Irandarraren ustez, ezin da ezer idatzi Alaren inguruan; haren gainean idatzitako oro erlijio islamdarraren aurkako erasotzat hartzen da.
Cádizko aratusteetako aurtengo txirigoten txapelketan, Ceutako txirigota bati xenofobia delitua egotzi diote txirigota batean mairuengatik esandakoagatik. Bertsolaritzan, bertso-jartzaileak gai bat ipintzen du, bertsolari bakoitzari paper bat ezarriz; demagun: bertsolari batek alaba lesbianarena egin behar du, eta besteak aita homofoboarena. Bitzuok jaurti litzaketen bertsoetan esan dezaketenagatik bertsolarien aurka jo liteke? Ematen du Greziatik hona artearen arloan onartu den sorkuntzak bete behar dituela batzuen edota bestetzuen aginduak. Etorkizun beltza sortzaileentzat!
Bestela esanda, txirigotek, bertsoek, olerkiek, eleberriek, antzerkiek kristautasuna maiseatu dutenean, Jesukristo buruz behera irudikatu dutenean, inork salatu ditu txirigoteroak, bertsolariak, olerkariak, antzerkilariak xenofobiagatik? Ala bakar batzuen sinesmenen aurka bakarrik jotzen denean suertatzen da norbera xenofobo? Hori bai zurikeria galanta! Non du muga adierazpen-askatasunak?
Zentsuraren aurka urte askotan zehar borrokatu garenontzat sinetsezin suertatzen da sinesmen, pentsamolde eta jarrera jakin batzuk maiseatzeko eta beste batzuk errespetatzeko jarrarazi nahi dizkiguten pentsamolde politikoki zuzenak garaile irtetea. Askatasunak batzuentzat bakarrik zaindu behar dira? Kristauok edozein maiseo jasateko betebeharra dugu beste erlijio batzuetakoek eskubidea dutela ezer ez esateko haien aurka, ez eta txirigota batean ere? Alajainkoa!