Muturrekoak badira, eta lagunak ere omen dira, eta muturrekoak banatuko lituzke jende askok aurpegi horietan. Trump loriazko presidentzia-aulkira heldu denetik, entzuten ari garen guztia espantua da, lelokeriak bata bestearekin kateatuta, kontu gruteskoak, diatriba galantak, txorakeria ezinezkoak, astapito baten ideiak, ahotik joanda ibiltzen denaren barrabaskeriak... eta horrelakoak.

Duela egun batzuk munduko bi genozidak elkarrekin ikusi genituen, Donald Trumpek besoak zabalik hartu baitzuen gerra-krimenengatik atxilotze agindua duen Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu hiltzailea. Etxe Zurian egindako topaketaren sutondoan, bi ahobeltzak, bi urguluntziak sekulako babokeriak esaten hasi ziren. Lehena, Gazako Zerrendan bizi diren palestinarrek alde egin behar dutela, han bi gizontxo horiek bestelako planak baitituzte (hondartzak, hotelak, udarako turistak…). Sionisten buruak begiak zabalik begiratzen zion izokin koloreko azala duen Trumpi. Zer pentsatu ote zuen tamainako erokeria entzundakoan? Ni baino zoroago dago amerikar hau. Horixe!

Trumpek amerikarra ez den jendeari gorrotoa dio, eta horren adibidea da bere herrialdean burutzen ari diren migratzaileen aurkako sarekadak, bertatik kanporatzeko xedez. Orain altzairuari eta aluminioari %25eko muga zergak igotzeko mehatxuarekin hasi da tematzen. Ondorioz, erabaki horrek Europako ekonomia larrialdi egoeran jar dezake.

Eta ikusi dugun azken irudi surrealista Elon Musk eta Donald Trump elkarren ondoan agertu diren hori izan da. Munduko gizonik aberatsenak koipea ematen dio besteari, eta presidenteak astearte honetan agindu exekutibo bat sinatu du, non Elon Musk handikia gastu publikoa murrizteaz arduratuko baita. Emandako prentsaurrekoan, plastikozko aurpegia duen Musken semea egon zen, normaltasun osoz, hedabideen aurreko bilera hori erabat kaotiko bilakatuz.

Agian, muturrekoren bat beharko luke mizke hazitako umeak, edo bera aita lerdoak, edota presidentearen bulegora gonbidatu zuen makillaje larregi eramaten duen horrek.