Jaungoikoaren graziako bi mila eta hogeita bosgarren urteko zezeilaren 3an Abadiñora hurreratu ginen andrea eta biok. Han ikusi eta entzun nuenaren berri dakarkizuet txoko honetara. Irudi azkarrak, arinak, lasterrak eta laburrak dira; edozelan ere, herri baten argazkia ematen duten ezaugarriak dira. Arin, laster, ebakita doaz hurrengo zertzeladak. Barka iezadazue irakurleok, batzuetan zakarregia banaiz, baina honelaxe bizi izan nuen.

Bozgorailuetan esaten zena euskaraz. Jendearen artean egiten ziren elkarrizketarik gehien-gehienak cervantesera batuan. Udalak ipinitako beharginengandik hasita, haien arteko elkarrizketak cervantesera batuan. Kale artean genbiltzanon artean ale bakarrak euskaraz geniharduenok. Itaundu balidate Abadiño edo Miranda Ebrotik beherako herri bat zen, zalantza handiak, jantziengatik izan ez balitz. Eta han ez zen espainiar epailerik, ez espainiar poliziarik, ez espainiar soldadurik euskara galarazteko.

Gure edadekoak azken mohikano euskaldunak ginen, geure arteko harremanak euskaraz patxadaz egiteko gogoa edo ohitura geneukanok. Gazteen kuadrilletan euskara azaldu ere ez zen egin. Badiogu euskal gazteriak badakiela euskaraz. Ez dakit badakien edo ez, baina zezeilaren 3an, Abadiñoko sanblasetan cervantesera batuan jardun zuten ikusi eta entzun nituen gazteek. Euskara estuasun batean erabiltzen zela ematen zuen. Eta han ez zen espainiar epailerik, ez espainiar poliziarik, ez espainiar soldadurik euskara galarazteko.

Iparraldeko saltzaileek eta Hegoaldeko erosleek cervantesera batuan ziharduten euren tratua lotzeko. Eta bat-batean… gure aurrean hogeita hamarretaz urteko ama batek bere semeari honelaxe esan zion: “Aber ba, zu be, ia te bale”. Ziur naiz ama horri itaunduz gero ea zein hizkuntza darabilen semearekin hark euskara zerabilela esango zuela. Eta hamabietan bertsolariak. Txantxa gaizto eta samina! Eta han ez zen espainiar epailerik, ez espainiar poliziarik, ez espainiar soldadurik euskara galarazteko.