Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Juanra Madariaga

Bizkarsorotarrak

Amamak kontatu zidan. “Zeure aite, txikitan, kaletik etortzen zanien, esateostan: ama, kaleko umien berbea ez dot ulertuten”. Kaleko hizkuntza hura gaztelania zen, eta aitak senperrenak egin zituen hizkuntza hura konprenitzeko, hainbeste, ze euskara bera ere galdu egin zuen ia. Ematen zuen euskarak ez zuela ezertarako balio, berba eginez gero, pueblerino deitzen ziotelako aitari. Kaleko debekuak ere ezagutu zituen. Amama eta bera kaletik ibiltzen zirenean, aurrez aurre goardiazibila bikotea egokituz gero, ahoa itxi eta isilik pasatzen ziren ondotik, euskara bera ere debekaturik zegoen eta.

Kontua da, aitak ez zidala euskararik irakatsi. Nekez egiten zuen pare bat esaldi bere amarekin, azken urteetan. Seguruenik, berak uste zuena baino askoz gehiago zekien, ama-hizkuntza ez baita inoiz ere ahazten, ezabatzen eta galtzen.

Bada, aipaturiko irudi eta gomutapen hori akordura etorri zait, euskararen egunean, EITBk gaueko saioan jarritako Bizkarsoro filma ikusi eta gero. Nire aita, nire amama, nire aitite, bizkasorotarrak izan zirelako. Etxean baino ez zuten egiten euskaraz, eta anaia-arreben artean gaztelania nagusitu zen gero.

Josu Martinezek zuzendariaren asmoa euskararen aurkako jazarpenaren eta euskaldunok euskaraz bizitzeko dugun gogoaren gaineko istorio berezi bat kontatzea izan da, Euskal Herriko edozein herritan gerta zitekeena, baina kasu honetan Bizkarsoro fikziozko herrian gauzatzen dena.

Hortaz, Bizkarsoro gure inguruan dagoen edozein herri izan daiteke, eta bizkarsorotarrak geu edota gure familiarrak izan ahal gara, gaur egun ere, hiztunok eguneroko bataila txikiak egiten baititugu gure hizkuntzan aritu ahal izateko, euskara menostua izan ez dadin, eta betikoen aldeko oldarraldi eta zapalkuntzak jaso ez ditzan.

Filmaren bidez guztiok ezagutu ditugun euskararekiko eta euskaldunekiko destainak eta gutxiespenak memoria ariketa kolektibo egiteko eta osatzeko tresna bilakatu dira.

Euskara eta hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan dauden aro honetan, Euskal Herrian euskaraz egingo dugulako mezua irmoki luzatu behako dugu. Beste behin ere.