Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Ana Urkiza

Sariak behar ote?

Albistea ez da berria, ez eta isolatua ere. Baina galderak sorrarazten dizkit. Duela egun gutxi, Hernaniko hiru gaztek 400 euroko saria jaso dutela irakurtzen genuen, gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz prestatu eta gainditzeagatik. Buruntzaldeko udalek “Gidabaimenak Euskaraz” izeneko egitasmoaren baitan, urteak daramatzate gidabaimena euskaraz prestatu eta gainditzen dutenen artean zozketa egiten eta horien artean sariak banatzen.

Aurtengoan, aditzera eman dute berritu egin dutela euskarazko materiala eta, gainera, gaztelaniazkoa baino osatuagoa dela. Material hori aprobetxatu eta euskarazkoaren aldeko apustua egiteko deia luzatu diete herritarrei.

Boteprontoan, galderek kolpatzen naute eta hauek dira horietako batzuk: saritutako gazteak, ikastolan ikasitakoak izaki, zer dela eta behar dute gidabaimenaren alor teorikoa euskaraz prestatu ahal izateko bultzada? Ez al dute era naturalean euskaraz egiteko bulkada sentitzen? Zergatik?

Bigarrenik, euskararen erabilera bultzatzeko, une oro, sariak edo laguntzak jarri behar al ditugu? Zenbateraino da naturala edo ez, sarituak izateko espektatibak irekitzen zaizkigularik, euskararen alde egiten dugun hautua?

Gurean guretik egiteagatik saria merezi dugu? Zein da saritua izateko egin dugun ahalegin erraldoia: gurea den hizkuntzan ikasi izana?

Ikastolak sortu zirenetik honaino egindako ibilbide luzearen ostean, ez al da kontraesankorra ikasketa zehatz batzuk euskaraz egitea sustatzeko sariak eman edo jasotzen jarraitu beharra izatea?

Ez dut hainbat eta hainbat udalek antolatzen duten ekimen honen kontra egin nahi. Ez da nire asmoa. Baina hausnarketarako tartea bai ireki nahiko nukeela. Euskaraz zergatik, zertarako eta nola egin nahi dugun. Euskaraz bizitzeagatik sarituak izatea espero ote dugun. Sarituak izatea positiboa iruditzen al zaigun (sariaren zenbatekoaz harago).

Eta azken galdera: ahaleginik txikiena ere sariz hornitzeko gizarte bat eraikitzen ari baldin bagara, prestatuta al gaude saririk gabeko eremuetan euskarari uko egiteko?