Ez dakit ezagutzen duzuen Dunning-Kruger efektua. Kuriosoa da Kruger eta Dunning ikertzaileek burutu zuten azterketa, eta deskribatu zuten kontua.

Haien izena daraman efektua zeregin batean trebetasun txikia duten pertsonek beren trebetasuna gehiegi estimatzeko isuri kognitibo bat da. Definizioa toki askotan topa daiteke, eta gutxi gora behera honakoa hau adierazi nahi du: Dunning-Kruger efektua trebetasun gutxiko pertsonek arlo jakin batean trebetasun horren ebaluazio positiboegiak emateko duten joera da. Hau da, gaizki pentsatzeko eta epaitzeko modua da. Dunning-Kruger efektuak adierazi nahi du gai baten inguruan ezjakinak direnek ez dutela beren gaitasunik eza kontuan hartzen, hau da, ez dutela gaitasunik beren gaitasunik ezaz jabetzeko. To!

Laburbilduz, gaitasunik (inteligentziarik) gabeko gizabanako batzuek beren trebetasuna gehiegi estimatzeko joera dute, eta ez dira besteen trebetasunaz jabetzeko gai, eta ez dira gauza beren erabateko gaitasunik eza aitortzeko. Batzuetan, duten trebetasun-maila (halakorik balego) nabarmen hobetzeko entrenamenduak eginez gero, morroi horiek aldez aurretik duten trebetasun-falta onar dezakete, baina gaur egun ditugun adibideen artean, azken posibilitate hori urrun ikusten dut.

Azken egunotan jende horrek osaturiko zirko moduko zerbait ikusi dugu Espainia aldean. Milei Espainiara joan zen, askatasunaren inguruko oihuak berriz botatzeko, eta ohiko irainak eta ahoberokeriak haizatzeko. Horrexegatik, berak egiten duenarengatik, Isabel Diaz Ayusok kondekoratu egin zuen. Viva la libertad, carajo-ka ahoa betetzen zaion horrek erridikulu galanta egin zuen beste behin Espainiako hiriburuan, ondoan Madrileko markesa zeukala. Talenturik ez izatea arrakastaren berme gisa hartzen da gaur egun.

Hedabide dezentetan agertu ziren jendez beteriko harrerak, txaloak, maitasunez botatako oihuak, betiko legez, fakeak zirenak. Milei, azken finean, komiko bat da, txotxongilo ahohandi bat, presentzia desatsegina. Halarik ere, modan jarri omen dira inkoherentziaz beteriko ultraeskuindarrak euren artean kondekoratzeko festa lotsagarriak.

Hamaika esperpento ikusteko jaioak gara!