Txupeteari agur esatearen une hori. Agian guretzat oso garrantzitsua den zerbaiti agur esateko bizitzan dugun lehen esperientzia da. Galera eta aldaketa sentsazioa sentitzen dugun lehenetarikoa. Haur batek bere txupeteari agur esateko asmatutako erritual bitxi bat erakusten duen bideoa ikusi dut interneten: txupetea, haurraren ahoan, gas-globo bati lotuta dago. Horrela, une batean umeak ahotik askatzea erabakitzen du eta berehala txupetea zerurantz igotzen hasten da. Umea zerura begira geratzen da, globoa gero eta txikiago ikusiz, etengabe mugitzen eta aldatzen doazen hodeien artean galtzen den arte.
Helduok ere baditugu geure txupeteak, askatzea kostatzen zaizkigunak. Segurtasun beharrak, dena beti dagoen bezala mantentzeko beharrak, gauza askori atxikitzen saiatzera garamatza. Baina bizitza ez da argazki finko bat, dena aldatzen da, dena bihurtzen da beste zerbait etengabe. Hodeiak bezala, orain da arrain, orain herensuge.
Horregatik da hain ona noizean behin zerura begiratzea. Etengabeko aldaketaren bertigoa hautematen uzten digu, baina baita haren edertasuna ere. Gogora ekartzen digu ez dagoela gertatzen zaigunetik ezer beti puntu berean mantendu daitekeenik, kristalizatuta, duela mende batzuk anbarean harrapatuta geratu ziren intsektu horiek bezala. Bizitza ez dela fosil bat, zerutik hegan doan gas-globo batek bezala ihes egiten duela etengabe.
Eta hori berri ona da min egiten diguten sentimendu guztietatik askatzeko baita ere, zergatik ez. Esan zizkiguten eta mina eragin ziguten hitz horiek, erabaki bat hartu ez izanagatik urdailean sentitzen dugun ziztada... Haurrak txupetea askatzen duen moduan askatzen saia gaitezke guzti horiek ere. Barruan gordeta ez edukitzeko ahalegina eginez gero, beste zerbait bihurtu daitezke. Lasta hori guztia hodei bihurtzeko ahalegina egin dezakegu, eta urrunetik ikusi nola desegiten den, haizeak nola eramaten duen, gurea izango ez balitz bezala.