Gaur egun, denbora ziztu bizian doa, norberaren albotik igarotzen du tupustean. Norberak berari doazkion arazo guztiak lotuta dituela uste duenean, bat-batean norberaren mendetik at dagoen zerbait jazotzen da, eta inork ez du bere burua erantzukizunaren mendean jarri nahi, ezpada besteri egotzi nahi dio errua edo erantzukizuna. Eta mundua egun aurrera doa, ez dakigu nora, ez dakigu zelan, ez dakigu nork bideratuta, baina aurrera doa. Aurrera ala atzera? Egin-eginean ere, denborak aurrera egiten badu ere, horrek ez du esan nahi “aurre” horrek hoberik dakarrenik.

Inorekiko axolagabetasunak, nork erantzukizuna bere burutik aldendu nahi izateak, nork bere izatetik atekoa gaitzesteak, nork berdintasuna ezberdintasunean oinarrituta izateak, nork inorekin errespeturik ez izateak, norberaren izateak ezaugarri bereizgarri bihurtu nahi izateak, onurabideak hutsetik datozelako irudia emateak… eta gainerako uste, iritzi, aburu eta burutazioek aitzakia emateak honetara gakartzate: mundua geroago eta okerrago jartzen denean, inori erantzukizuna leporatzera.

Gatozen harira: gaur egun ikusten gabiltzan arazo askoren inguruan, zein iritzi dugu? Ados gaude Kubako Zigor Kodearen 124.1 artikuluarekin, zeinak esaten baitu hiru urtetik zortzirako kartzelaldia ezarriko zaiola nazioarteko elkartasunaren aurka eta estatu sozialistaren aurka, besteak beste, jotzen duenari? Areago, zeren edo noren arabera, bideratzen dugu geure jokabidea? Garbi daukagu Venezuelako egoera lotsagarria, negargarria, deitoragarria dela (besterik ez esatearren)? Garbi daukagu Hego Amerikako herrialde gehienetan jazotzen izan dena ez dela orain hilabete pasatxo Argentinako herriak Argentinako presidente jarri duenaren erantzulea?

Eta gu non? Non gaude gu? Zer egin behar dugu? Zelan jokatu behar dugu guk? Gure inguruan bizi direnek esaten dutenaren aurka jotzeko beldur gara? Gure burua gure inguruko girotik at ez iragartzeko beldur gara? Gure ustearen beldur gara? Hor bizi nahi dugu guk?