Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Gotzon Lobera

Arratoiak, akainak eta auzo-lotsa

Lehengo igandeko gaiari helduko diot berriz ere: Espainiako Futbol Federazioko presidenteak txapela ospatzean egindakoari.

Uste nuen okerrena zela Luis Rubialesek ez sentitzea ezer txarrik egin zuenik. Bada, erratuta nengoen. Okerrena hauxe da: Espainiako Erresumako kirol-araudiak ezartzea hark egindakoa arau-hauste txarra baino ez zela. Bestela esanda, baldin eta Kirolaren Auzitegi Administratiboak ondo aplikatu badu legeria, zertan gelditzen da andrazkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna? Ezerezean. Horixe da irudikeriaren politikaren eredurik behinenetakoa. Gainera, astebete behar izan du auzitegi horrek epaia emateko, FIFAk ebazpena berehala eman zuen bitartean. Cervantesen Barataria uhartea ez da pasadizoa, ezpada azpiegitura, egitura eta gainegitura. Auzo-lotsa!

Luis Rubialesek dimisiorik emango ez zuela esan zuenean, Espainiako Futbol Federazioaren batzarrean zeuden gehien-gehienek txalo jo zuten. Txalo-jotzaileen artean zeuden, besteak beste, gizonezkoen selekzio nagusiaren entrenatzailea eta andrazkoen selekzionatzailea. Hau da, euren karguei eusteko egin ez bazuten egin zutena, presidenteak egindakoarekin ados zeudela adierazi zuten. Ala bada ote dago beste azalpenik? Bada, futbolaren nazioarteko organismo nagusiak zer erabaki zuen jakin zutenean, gizonezkoen entrenatzaileak kritikatu zuen bezperan txalotu zuena. Kontu jakina da: itsasontzia hondoratzen hasten denean, arratoiak dira lehenengoak ur-azalera ihes egiten.

Bai andrazkoen selekzionatzaileak, bai gizonezkoenak egin duten gauza bera, edo, hobeto esanda, egin ez dutena dimisiorik ematea izan da. Akainak legez erantsi zaizkio karguari. Friedrich Nietzschek esango zukeenez, “gizakoia, gizakoiegia”. Orduan, eta erratzeko beldur barik, esan dezaket, oraingo ekaitza baretzen denean, esku artean darabilgun gaia gertatzeko ahalbidetu duten egiturek eta pertsonek iraungo dutela ezer jazo ez balitz legez, harik eta beste zorigaiztokoren bat suertatu arte.