EMANTZIPAZIOA. Hori da hitza. Irakurri dudanez, emantzipazioa, bere zentzurik zabalenean, pertsona bati edo pertsona talde bati autoritate edo aginte batetik askatu eta autonomia lortzea uzten dion ekintza da. Terminoak erabilera zenbait ditu: zuzenbide zibilean, adingabearen emantzipazioa, emakumearen emantzipazio edo mugimendu feminista, koloniak askatasuna lortzean eskuratutako emantzipazioa edo deskolonizazioa, eliz emantzipazioa, eta abar.

Egunotan gazteen emantzipazioaz hitz egiten hasi da. Gai larria eta kezkagarria. Kasu horretan erraz antzeman daiteke emantzipazioaren muga non dagoen: gurasoen etxetik alde egitea eta abentura ekonomiko larrian murgiltzea. Hau da, lehen soldatak irabazten ari den gazte batek etxebizitza propio eskuratzeko edota erosteko ahalmena edukitzea liteke emantzipazio dontsua. Baina nor ausartzen da kalbario horretan? Nola eskura daiteke ahalmen hori?

Kontua da gaur egungo gazteek lortzen duten sarrera ekonomikoaren %50 baino gehiago erabili beharko luketela etxe bat erosteko. Horrek esan nahi du emantzipazioa garesti lortzen dela; etxeen prezioa bezain garestia ei da. Gaur egun etxe bat erostea pentsaezinezko ametsa da, eta bide horretan murgilduz gero, urteetako hipoteka altuak orekatzeko zorretan izerdiak botako dituzte guztiek. Horri gainera, genero diskriminazioa ere gehitu behar zaio, izan ere ohikoa da emakumeek soldata txikiagoak izatea zoritxarrez, eta horren ondorioz, gizonok baino zailtasun handiagoak dituzte emantzipatzeko.

Etxe bat altxor handia da, eta askok eta askok ezin dute pribilegio hori eduki. Etxerik ez dutenak kale gorrian bizi dira, eta txosten batek adierazi duenez, gero eta gehiago dira gaueko hotzak hirietako edozein toki publikotan pasatzen dituztenak. Pertsona horiek guztiek ez dituzte oinarrizko beharrak aseturik edota bermaturik. Gure hirietako dramak lo-sakuetan egiten du lo.

Azken emantzipazioa banketxeena da. BBVAk inoizko emaitzarik onena lortu du, 6.420 milioi euroko irabaziak poltsikoratu ditu 2022an. Bakoitzak pentsa dezala nahi duena.