Sektore teknologikoan lan egiten duen lagun batek esaten zidan aurrekoan, teknologia euskaraz egiten dutenez gero, beraien enpresa “kultura” arloan kokatzen dietela, eta ez “teknologia” edo “berrikuntza” atalean. Oso errotuta dugun joera dela, euskaraz egiten den hau/hori/hura guztia, kulturaren zakuan sartzekoa, alegia. Eta enpresak eskaintzen duen zerbitzua, berritzaileena izanda ere, itzalean geratzen zaiela. 

Laguna entzutea ez beste, aurreko astean ospatu da Innobasque Berrikuntzarako Euskal Agentziak antolatutako Global Innovation Day jardunaldia, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren XXII. astearen baitan. Jardunaldiaren goiburua “Talentua, berrikuntzaren motorra” izan da eta Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldun nagusiaren eta Manuel Salaberria Innobasqueko Presidentearen hitzetan, berrikuntza da gure herriak duen erronka nagusietako bat eta talentu gaztea bultzatzea dugu beharrezko. Bien ustez, garapen ekonomiko berritzailerako ezinbestekoak dira talentua, teknologia, artea, kultura eta zientzia. Baina badirudi zaila dela berrikuntza euskararekin uztartzea, hitzartze instituzionalean erabili zuten hizkuntza kontuan hartzen badugu.

Hizkuntza bat indartsua eta erabiltzeko erakargarria izango da, hein handi batean, erreferentziazkoak diren ekimenak hizkuntza horretan bizitzen badira. Benetan garrantzitsuak eta beharrezkoak diren egitekoak hizkuntza horretan defendatzen eta aurkezten badira. Bestela, gure iruditeriak bitan zatituta jarraituko du: enpresa batzuk dedikatuko dira berrikuntza egitera eta, besteak, euskara bultzatzera. Batak bestea mereziko ez balu bezala. Eta nahi gabe bada ere, garrantzitsuak diren aferak erdaraz egiten ditugula adieraziz.

Nago, gazte talentudunak asko baloratzen duela tokian tokiko ezaugarriak eta marka bultzatzeko gobernuek egiten duten ahalegina. Atzerrira joaten direnek, bederen, hori esaten dute. Originala edo bertakoa dena nola zaintzen duten antzematea gustatzen zaiela. Berrikuntzari egozten dioten garrantzia ere, tankerakoa izango baita.