ELIZABETH II.a, Ingalaterrako erreginaren heriotzaren egunean ia komunikabide guztiek erabili dute “historikoa” hitza haren berri emateko. Eta behingoagatik historiko hitza modu egokian erabili dela sentitzen dut. Izan ere, zenbatetan erabiltzen dugu historiko hitza benetan historikoa ez den zerbaiti buruz hitz egiteko? Esango nuke bereziki kirolaren munduan gertatzen dela gehien, baina ez bakarrik: ematen du denak direla garaipen historikoak, partida historikoak, sailkapen historikoak… Historiko gehiegi, agian? Hainbeste, hitza hustu egin dugula sentitzen baitut. Eta horregatik, benetan egun historiko bat heldu denean, Elizabeth II.a XX. Mendearen historiaren lekuko izan delako ia beste inor izan ez den bezala, iruditzen zait ahulduta iritsi zaigula hitza, sukaldeko trapu zahar bat baino gastatuago.

Eta zer pentsatua eman dit gehiegizko erabilpenaren ondorioz gastatzen ditugun hitzen inguruan. Azken hamarkadan, adibidez, zein erabilia izan den politikarien artean ibilbide-orria hitza, bereziki gazteleraz, hoja de ruta; zein erabilia ere beste eremu batzuetan distopia hitza (bat batean dena da distopikoa)… Baina bereziki hitz handiek, hitz erraldoiek galdu dute zentzua. Badakigu zertaz ari garen maitasuna hitza erabiltzen dugunean? Edo askatasuna hitza? Perfumeak edo autoak saltzeko hitzak bilakatu dira gaur egun hitz horiek.

George Orwellek 1946an “Politics and the English Language” saiakeran politikarien hitzen degradazioari buruzko hausnarketa egin zuen eta bertan esaten du akats handienak direla zehaztasun falta eta hitz batzuen edo irudi batzuen gehiegizko errepikapena. Harentzat betiko hitz eta irudiak errepikatzen zituzten diskurtsoak ideien kontrolerako tresnak ziren azken finean. Besteak beste, formak errepikatzeak hartzailearen rol pasiboa indartzen zuelako.

Ostegun gauean BBC News katean jarraitu nuen Elizabeth II.aren heriotzaren berria, une historiko batek lekuko nintzela sentituz. Baina agian hitz berriren bat asmatu beharko da oso gutxitan gertatzen den hori deskribatzeko. l