Trump enperadorea
AEBko presidentea aukeratu ondoren, bistan zegoen Trumpek ez zuela bigarren agintaldiko denbora alferrik xahutuko. Horiek horrela, gurutzada abiarazi zuen hedabide, elkarte, erakunde eta pertsona jakinen kontra. Eta hori gutxi balitz bezala, bera migratzaileen oinordeko izanik, migratzaileen aurkako jazarpena indartu eta milaka pertsona, horietako gehien-gehienak beharginak, kanporatu ditu… baina bere jarrera autoritario horrek, barne politikan ez ezik, atzerri-politikan ere izan du eraginik.
Otzantzen ez diren eta AEBko presidentearen baldintzak onartzen ez dituzten herrialdeei muga-zergak ezarri dizkie; Kanada, Groenlandia eta abar AEBren altzora erakartzeko presioak areagotu ditu; Ukrainak bere izaerari eusteko eta Errusiaren atzaparretan ez erortzeko, kanpoko lurraldeen laguntza ezinbestekoa dela kontuan hartuz, Ukraina bere aberastasunari uko egitera eta AEBren esku lagatzera behartu du; munduko petrolio erreserbarik handiena daukan Venezuelan esku hartu du, orain arteko egiturari segida emanez, trantsizio demokratikoari ateak itxiz eta halako protektoratu bat ezarriz.
Trumpek ez du nazioarteko legerian sinesten eta, dioen legez, bere muga bakarra bere morala da. Moral horren ezaugarriak, ordea, emakumeak gutxiestea eta baztertzea; ahulenak, izan migratzaileak zein bestelako gutxiengoak, arbuiatzea; bere esan eta nahiei jaramon egiten ez dioten guztiak etsaitzat hartu eta ezabatzea dira, besteak beste. Munduko pertsonarik boteretsuenak ez dauka mugarik eta inguruan dituen gehien-gehienek beraren graziak txalotzen dituzte, ez besterik.
Munduak, mundu libreak, inoiz baino beharrezkoa du Europaren ahotsa, ekina eta eragimena. Hamarkadak eman ditu Europak, AEBren babespean, bere egiturak eta ahots propioa eta independentea azaleratu gabe… Eta morrontza horrek sekulako eragina izan du, egun garrantzirik eza delako nazioartean Europaren egoera, bereziki munduko hiru potentzia nagusien aurrean. Europan badira AEBren morroi izaten segitu nahi dutenak eta trukean nolabaiteko abantailak eskuratuko dituztenak baina Europak zuhurtu behar du. Gainegituran eroso antzean dauden burokraten inertzia astindu beharra dauka: ekonomian, atzerri eta defentsa politiketan, giza eskubideen zaintzan zein garapenean, balio demokratikoen hedapen eta gauzapenean. Inoiz baino beharrezkoagoa dugu hurreko Europa, gutxi batzuen interes-taldeetatik aldenduta dagoena eta zinez beregaina izango dena.
