Síguenos en redes sociales:

Pertsuasioaren indarra

Amenabar zinema-zuzendariaren film adierazgarri batean, 1936ko altxamendu militarraren ostean girotutako Salamancan, Migel Unamunokoak ustez bizi izandako gertaera bat kontatzen du, zeinetan, hango unibertsitateko paraninfoan, Millán-Astrayk eginiko adierazpenei erantzun nahian, hitza hartu eta jardun zuen indarra baliatuz garaitzeari eta pertsuasioa erabiliz konbentzitzeari buruz. Paraninfoan bildutako matxinoak ez zeuden inoren koplak entzuteko. Ondorioz, Espainiako orduko idazle eta filosoforik handiena kostata atera zen, txiripaz esango nuke nik, hitzek sorrarazitako nahasmendutik. Harrezkero, militarrek Unamuno arbuiatu eta baztertu zuten. Urte horren hondarrean hil zen Migel Unamunokoa, berak euskaraz idazten zuenez.

Bistan denez, ezin dira protagonistak eta testuingurua gaurko errealitatera inolaz ere ekarri. Alabaina, badira berba batzuk pentsatzera eraman behar gaituztenak, besteak beste, aldarrikapen batzuen inguruabarrean sortzen diren atxikimenduez eta geroz eta indartsuago azaltzen diren kontrakotasunez hitz egiten dugunean. Nago kulturarekin, hizkuntza gutxiagotuen indarberritzearekin edota herritarren eskubideekin lotura duten aldarrikapen batzuen inguruabarrean sortzen ari diren kontrakotasunak ezin ditugula arbuiatu edota besterik gabe, notarioen antzera, konstatatu, sustraietara jo beharko genuke.

Kontrakotasun horren atzealdean badago orain arte eroso sentitu den jende asko ez dagoela prest posizio hori galtzeko, are gutxiago deserosotasunak onesteko. Nahiz eta deserosotasunak ezinbestekoak diren, baldin eta desorekak orekatu nahi badira, besteak beste, berdintasunaren, gutxiagotutako hizkuntzak biziberritzearen, kultura txikiak biziaraztearen zein bestelakoen inguruabarrean. 

Bidezkoak ez ezik bizikidetzarako ere ezinbestekoak diren aldarrikapen batzuen inguruabarrean gertatzen den erabilera da niri ondoeza sorrarazten didana. Sektore txiki, ideologizatu eta sektario batek, bere ibilbidea justifikatzeko eta iltzatzeko asmoz, aldarrikapen batzuk banderatzat hartu izana ez du laguntzen aldarrikapen batzuk gauzatzeko ezinbestekoa den babes soziala erdiestea, aitzitik, nago, mezu eta jarrera batzuek geroz eta jende gehiago atzera bultzatzen dutela eta kontsentsua zailtzen dutela, bidezkoak diren aldarrikapenen gauzatzea galgatuz eta, zenbaitetan, eragotziz. Gizartean, sakoneko eta oinarrizko eraldaketak suertatzeko, bai eta oinarrizko erabakiak hartu ahal izateko ere, borondateak lantzea ezinbestekoa da eta, halakoetan, pertsuasioa da bidea, limurtzea, gogatzea eta bairatzea da arma, jendea mespretxatzea, oihuak eta zaratak ateratzea bainoago.