Iragana geroaren maisu
Gure aurrekoek sarritan baliatzen zuten “atzeak erakusten du aurrea nola dantzatu” esaldia, lehen hartutako kaskarrekoek gerora zein bide hartu erakusten dutela esateko. Nago, hauteskunde-aldia igaro berri delarik, abertzaletasun demokratikoak patxadaz eta perspektiba autokritikoa, bai eta asmo eraikitzailea barruratuz, pentsatu behar dituela etorkizunari heltzeko antolaera, gidalerro nagusiak eta gizarte honen kezkei erantzuteko moduak ere. Inertziak behar ditugu astindu eta eraberritzea zailtzen duten kateak behar ditugu askatu!
Hauteskunde bakoitzak izaera propioa dauka, nahiz eta igaro berri diren europar hauteskunde hauek estatuaren gobernagarritasunaren eta alderdi nagusien norgehiagokaren ildoan egin diren, alderdi batzuen eta horiek aldezten dituzten komunikabideen aldetik. Apenas hitz egin da Europari buruz, eta, jada urrun xamar ikusten diren erakundeekiko ez da aparteko interesik sorrarazi herritarren artean. Inguruabar horretan, bidea egin dute Europaren sortarauak zalantzan jartzen dituzten muturreko zenbait alderdik, bereziki, eskuin muturrean lerrotzen direnak. Baina, arazoa ez dago herritarren artean herritarrengandik gero eta urrunago dauden europar erakundeetan baizik eta horri heldu beharko zaio goizago edo beranduago.
Hemen, hauteskunde-deialdi bakoitzak zerbait erakusten baldin badu, hauxe da: boto-emaileen zati esanguratsu batek botoa aldatzen duela deialditik deialdira. Espainiako gobernagarritasuna nork eskuratuko lehia dagoenean, batzuek estatu mailako alderdien alde egiten dute eta, bestelakoetan, beste aukera batzuk lehenesten dituzte kudeatzeko gaitasuna, herritarrekiko hurbiltasuna, arazoei heltzeko era erakusten duten neurrian… Eta badira hainbat abstentziora jotzen dutenak sasoi batean eginiko aukerak asebete ez dituela ikusita. Azken horien, bai eta boto-emaile berrien –gazteak zein migratzaileak– motiboetan behar da sakondu, berrindartu eta etorkizunean aginteari eutsi nahi bazaio.
Nago ezin ditugula emaitzak, bere horretan, duela bost urtekoekin alderatu, are gehiago tarte horretan, makaldiak eta goraldiak gertatu badira. Esaterako, EH Bilduk duela hilabete eginiko hauteskundeekin alderatuta ia 120.000 bozka gutxiago eskuratu ditu, eta, duela bost urte baino hogei bat mila gutxiago. Kontua da beste batzuek are gehiago galdu dutela, eta horrek zein abstentzioak ekarri duela ehunekoetan gora egitea. Batzuen aparra eta paparra behar dira erlatibizatu, are gehiago gizarte-ereduan daukagun sakoneko eta ezin gaindituzko ikuspegia kontuan hartuta. Asmatuko dugulakoan nago, iraganean bezala etorkizunean ere, eraberritzeko borondatea, gogoa, erabakitasuna eta konpromisoa erakutsiz gero.