Maiatzaren 28ko hauteskundeetako emaitzek bazterrak aztoratu dituzte. Uztailean deituta dauden hauteskundeak irabaziko dituela uste du PP alderdiak. Alderdi sozialistak, ostera, izan duen botoen eta botere galera ikusita, ez du aukerarik antzeman aurretiaz pentsatutakoari oratzeko, Europako buruzagitzaren itzala probestuz, hauteskunde orokorrak udazkenean egiteari, hain zuzen. Sozialistek gobernuan duten bazkidearen deskalabrua erabatekoa izan da, eta oraingo borroka da nork zer postu eskuratuko, nork zenbat dirulaguntza kudeatuko. Hori horrela, urteetako sestra eta barne-borroka, orain, halako gauzetara mugatzen da, horixe delarik politika berritzera, jendea ardatz hartuta inertziak astintzera zetorrenaren azken arnasaren emaitza.

Euskadin, 2015 eta 2016 urteetan eginiko hauteskunde orokorretan, Podemos Euskadi izan zen bozka gehien eskuratu zuen plataforma. Harrezkero, oso denbora laburrean, miloi laurden bozka galdu ditu, horrenbeste non ia ezerezera iritsi den. Tamainako deskalabru horren aurrean, inork ez du oraindik inolako erantzukizunik bere gain hartu, ez eta esplikaziorik eman ere. Izango dira barne faktoreak, besteak beste, aniztasuna, egoak, interesak zein bestelakoak kudeatzea ez delako erraza. Baina gertatutakoa ohikoa da ustez ezkerrekoak diren alderdi eta mugimenduetan, bai lehen, bai orain... Halakoetan beti baitago norbait aurrerakoiagoa, printzipioetan irmoagoa nor den, erakusteko moduko karnetak banatzen saiatzen dena. Politika berritzera zetorrena amildu da, herritarrengandik aldentzen joan den abiadura berean. Orain, azken zerbitzua ematea tokatzen zaio, dezakeen guztian, EH Bilduren makulu bilakatzea... eta desagerraraztea.

EH Bildu pozik ageri da, emaitzak historikoak omen direlako, inoizko botere-mailarik handiena eskura dezakeelako eta abar. Ai, hemerotekek hitz egin balezate! Bai, baina! Euskadin, aurreko hauteskundeetan baino 18.000 bozka gehiago jaso du, hauteskunde orokorren norabidean, Espainian bi alderdi nagusien arteko borroka latzaren erdian, kanpainaren protagonista bihurtu eta gero. Hazkundea, beraz, boz-kopuruan baino ehunekoan izan da, boz-emaileak mobilizaturik izan dituelako, kanpainako giroak boto gehiago mobilizarazi dituelako, Podemosek galdutako bozen zati bat eskuratzea lortu duelako eta abstentzio handiak mesede egin dielako. Euskarazko esaera batek badio “sutan jartzean probatzen dela eltzea”. Orain arte, lurraldeko erakundeetan, edo udal garrantzitsuenetan eltzea probatu denean, ikusi da emaitza: frustrazioa eta utzikeria!

Nago herritar andanak aldaba jo duela. Kudeaketa ardatz duen alderdiaren eguneroko jardunean gero eta hutsune gehiago antzematen dituztelako, jazotzen dena deskribatzeaz edo azaltzeaz gain, ez dutelako aurrera begira ekimen indartsu, erakargarri eta gauzatzeko modukorik igartzen. Kontratu, herritarrak ardatz hartuta, proiektu berri eta berritzailea eskaini behar zaio euskal gizarteari, ilusioz, itxaropenez har dezan... Eta proiektu horretan ezinbestekoak izango dira, hitz arranditsuak bazter lagata, umiltasuna, hurbiltasuna, enpatia, arazoetara gerturatzeko eta irtenbideak bilatzeko borondatea, besteak beste. l