Urteak dira ez dudala pentsamendu bat bukatzen inork moztu gabe. Eta “inork” esaten dudanean, nire alabek esan nahi dut. Lehen, afaria lasaitasunarekin lotzen nuen, egunari amaiera emateko momentua zen. Orain, mahaian eseritzen naizenean, bi podcast aldi berean entzungo banitu bezala sentitzen naiz. Benetan, gauza bakarra desiratzen dut: isiltasuna. Segundo batzuk bakarrik. Ez dut gehiago eskatzen. Ba ez. Ezinezkoa da. Txikienari mihia askatu zaio azkenaldian, eta orain etxean irrati libre ilegal baten moduan dabil. Ez da isiltzen ur azpian ere. Edozer kontatzen du: gaur parkeko txakur batek zaunka egin duela, haurreskolan margotu dutela, galtzerdiak triste dituela edo behin eta berriz errepikatuko du jogurta nahi duela lortu arte. Eta dena intentsitate dramatikoarekin, gainera. Junek, berriz, afaria hitzaldi bihurtu du. Eguna xehetasun MILIMETRIKO guztiekin kontatzen du. “Eta orduan Leirek begiratu dit horrela… ez horrela, baizik eta horrela…” Eta nik ez dakit nor den Leire, baina badirudi nire bizitza horren menpe dagoela. Arazoa ez da hitz egiten dutela, biak batera hasten direla baizik. Ez dute txandarik errespetatzen. Ezta arnasa hartzeko ere. Batak “amaaaa” esaten duen bitartean besteak “eta gerooooo” hasten du. Gu, bitartean, automatikoan bizi gara: “Bai, laztana”. Egia esan, askotan ez dakigu ezta zertaz ari diren. Agian, urte batzuk barru, isiltasun hori hainbeste desiratu beharrean, pixka bat faltan botako dut, baina gaur ez. Gaur, mesedez, norbaitek itxi dezala ahoa bost segundoz.