Egunero prime time ordutegian emititzen den First Dates izeneko programan bada parte-hartzaile profil mota bat larregitan errepikatzen dena: agure lizunarena, alegia. Lehengoan, Antonio izeneko 73 urteko itsasgizonak, emakume “kubatarrak, venezuelarrak eta kolonbiarrak” gustoko zituela onartu zuen. “Nire lagunekin nagoenean begirada joaten zait praka laburrak daramatzaten neskatilekin”, gaineratu zuen pentsiodun tripontziak. Noski, honelako perlak bota ostean, 71 urteko bikotegaia aurkeztu ziotenean muturra okertu zuen. “Guztiz zimurtuta dago... erroparik gabe poema bat izan behar du”, bota zuen lerdentasunaren antipodetan zegoen gizontxoak. Hurrengo egunean Cuatrokoek ikusleria handitzeko prototipoa hobetu zuten Felix lotsabakorekin. Sexu-harremanak izateko viagrarik behar ez izateaz harrotu zen 73 urteko diplomatiko erretiratua: “Emakume eder bat baino ez dut behar”, erantsi zuen. Nahiz eta Brasilen bizi den berrogeita pikuko neska-laguna omen duen, “noizean behin lasaitzeko” norbaiten bila joan zen programara. “Hona heltzeko egin dudan guztia eta gero, nolako itsusia den aurkeztu didatena!”, esan zuen ispiluak itzultzen dion islada zein den ahaztu duen tipoak 66 urteko anderea ezagutu zuenean. Osasungarriak ez diren balore eta adikzioak ez transmititzeko telebistan erretzea galarazi zen bezala, noiz jarriko zaie betoa emakumeak iraintzen saiatuz barregarri geratzen diren putazale itxura duten nazkagarri hauei?

aaraluzea@deia.eus