Tiroz zauritu zuten. Jendetzari arma zuriz eta su-armaz eraso zion talde bateko kideak jo dituzte sarraskiaren egile. Francisca ostegun goizean hil zen.

Hiru pertsona atxilotu dituzte jada, baina Kazetarien Elkargoak eta Txileko Giza Eskubideen Batzordeak karabineroen zuzendari nagusiaren aurkako salaketa jarri dute, talde biolentoen erasoak saihesteko ezer egin ez zuela egotzita. Francisca manifestaldia grabatzen ari zen, telefono mugikorra eskuan.

Maiatzaren 9an Yesenia Mollinedo eta Johana García hil zituzten Veracruzen, Mexikon. Moto batetik egin zieten tiro. 16 tiro. Yeseniak eta Johanak ikerketak eginak zituzten poliziak gaizkile-taldeekin duen harremanari buruz. Lehenik mehatxatu egin zituzten, gero hil.

Maiatzaren 11n Xireen Abu Akleh kazetaria hil zuten tiroz Zisjordanian, Israelgo armada egiten ari zen erasoaldi baten berri ematen ari zela. Buruan kaskoa eta soinean balen aurkako txalekoa zeramatzan, kazetaria zela argi uzten zuena, baina aurpegira egin zioten tiro.

Hiletan Xireenen hilkutxa zeramatenen aurka oldartu zen Israelgo polizia -eta Ertzaintza Tolosako hilerrian Lasa eta Zabalaren agurrean oldartu zeneko irudi lotsagarriak etorri zaizkigu burura-.

Maiatzaren 7an bete ziren 22 urte ETAk Jose Luis Lopez de Lacalle kazetaria hil zuenetik. Andoainen izan zen, etxera zihoala burura eta bularrera egin zioten tiro.

Esku batean aterkia zeraman, bestean erosi berri zituen egunkariak. Ez zuen hitza beste armarik.

Kazetaritza askea txakur-ametsa dateke, baina ez dago kazetaritzarik gabeko demokraziarik. Kazetari bat mehatxatu edo hiltzen duenak ez du askatasuna errotik erauztea beste helbururik, nahiz eta askotan, Lacalleren kasuan bezala, askatasunaren izenean egin. l