Lizarran (Nafarroa) gazteek euskaraz bizitzeko dituzten aukerak aztertzeko topaketa antolatu du Euskaltzaindiak Lizarrako Udalarekin batera, eta Nafarroako Gobernuaren babesarekin. Urriaren 25ean izango da, Frai Diego Kultur Etxean, eta Lizarrako gazteen artean euskararen erabilerak duen pisua eta lekua aztertzea da helburua, haiei hitza emanez.

Akademiak jakinarazi duenez, topaketa 'Euskararen erabileraren indarra gazteen artean' izenburupean egingo da, eta Euskaltzaindiak eta Lizarrako Udalak sinatutako hitzarmenaren barruan dago: hitzarmenaren helburu nagusia bertako gazteen artean euskararen erabilera sustatzea da.

Horrela, Euskaltzaindiak herritarren bizipenei erreparatu nahi die bereziki. Hori dela eta, bertako herritar eta eragileak izango dira topaketa partaide nagusiak.

Lizarrako Frai Diego Kultur Etxeak egingo da eta hiru adar nagusi izango ditu. Lehenbizikoan, kirolaren eta kulturaren arloan ezagunak diren Oier Sanjurjok eta Maddi Sarasuak sortu zirenetik gaurdaino eta haien egunerokoan euskararekin izan duten harremanaren berri emango dute.

Bigarrenean, berriz, bertako herritarrek hartuko dute hitza. Horrela, Onintze Arrastia, Ura Vergara eta Iraia de a Torre gazteek euskaraz bizitzeko zer aukera dituzten, arlo horretan zer bizipen duten eta haien ikuspegia zein den azalduko dute.

Atsedenaldi labur baten ondoren, bertako ikastetxeetako irakasle Maider Etxanizek eta Begoña Martinezek eta EuskarAbenturako kide Irune de la Mazak parte hartuko dute, ikastetxeek euskararen erabilera bultzatzeko dituzten tresna, baliabide eta egitasmoen berri emateko.

Kristina Berasain kazetariak gidatuko ditu mahai inguru eta elkarrizketak. Jardunaldia euskara hutsean egingo da, 10:15etik 13:00ak arte, eta sarrera doakoa izango da.