ERRIZ hasi dira tertuliano guztiak kaleetako biolentzia gaitzesten, azalkeriaz. Berriz hartu dute ez ohiko protagonismoa kalean isilik-isilik egoten diren kontainer gizajoek. Espainiako hedabideek maite dituzte kontainerrak, eta haien kontrako biolentzia ez dute inondik inora onartzen, ez eta protesta horrek duen zioa legitimoa izan badaiteke ere. Botereak jakin beharko luke kritika azidoak irensten, mesprezu desatseginak eta txarrak badira ere.

Biolentzia erreketa horiek egitea da, baina ez poliziak inolako inpunitaterik gabe eta muturreko jipoiak emanez egiten duen lana. Funtzionario publiko batengan onartezinak liratekeen moduetara ohitu garela ematen du (puta de mierda esatea ere). Alde guztietatik proportziorik gabeko ekin-tzak ikusten ditugu, baina batzuenak baino ez ditugu salatzen. Gainera, beste inoiz gertatu den bezala, ekintza bandaliko horien hazia ezkutuko poliziek eragin dutela erakusten duten irudiak ikusi ditugu. Manifestazio horietan agertzen direnak biolento eta terroristatzat harten dituzte, ondorioz, lan prekarietateagatik edota osasun publikoagatik manifestatzen direnak ere poltsa horretan sartuko dituzte goiz edo berandu. Eta bide batez, beste gai askoz ilunago eta garrantzitsuagoak estaltzen dira, ez dira hedabideetan aipatzen, ez eta ikertzen ere, kamerarien erromeriak ikusgarriena bilatzen baitu, sua.

Polizien jokabide horiek ezin dira normatzat hartu, eta hor zaintzea zorrotzagoa izan beharko litzateke, horiek nahi beste botere baitute, eta pandemiak ekarritako beldur, kontrol, prekarietate, debeku, goibeltasun, eta frustrazio bolumen galanta pairatu dutenen aurrean aritu behar baitira. Protesta egiteak legitimitate osoa du, eskubide guztiak ez baitira inoiz ere modu baketsuan konkistatu.

Eta biolentziaz ari garela€ kontainer horietan janari bila egunero joaten direnen kontra ez da biolentziarik egiten? Ez da etxe gabetze ekintzetan egiten? Ez da bidaia jasanezinean, mundu hobe baten bila penintsulara heltzen direnen kontra egiten? Hor ez dugu biolentzia estrukturalik ikusten. Su horretan, bai.