GUNOTAN Pako Aristiren lerro batzuk irakurtzen ari nintzela, kontzientzia zer den galderari erantzun nahian, honako definizio perfektua topatu nuen: Kontzientzia zer da? Bada, kontzientzia da zuk bizitza ikusteko daukazun modu bat, zer den justizia eta zer ez den zeure kabuz interpretatzeko ahalmena.

Kontzientziaren mundu horretan aztarrika eginez bestelako fundamentuak ere topatu ditut, adibidez, moraltasunetik hurbil. Hala, kontzientzia, kanpoko edo barneko zerbait ezagutzeko gaitasuna denez, zentzu morala ere eman ahal zaio, balioen edo ongiaren eta gaizkiaren ezagutzari dagozkionak. Hortaz, kontzientzia, nolabait, moralaren ezagutza da; kontzientzia moralak gizakion jarreran eta jokabidean du eragina, eta horrek zenbait modutan jardutera eraman gaitzake pertsonok, gure printzipio moraletan oinarriturik.

Joan den astean Luis Barcenas PP alderdiaren diruzain izandakoak Alderdi Popularreko dinosauro zaharrak akusatu egin zituen, hauteskunde kanpainak irregulartasunez finantzatzeko (eta beste mila negozio ilun, kontratu publiko, eta abar) diru zikina erabili zutela esanez. Ahoa zabaldu orduko PPko ukitu ezinak izan diren hainbat demoniori izena jarri zien Barcenasek, eta hala, betiko prepotentziaz jantzirik agertu diren M punto Rajoy famatua, Francisco Alvarez Cascos, Maria Dolores de Cospedal, Angel Acebes, Federico Trillo, Javier Arenas eta Rodrigo Rato zerrenda beltzera pasatu dira automatikoki.

Barcenasek epaiketa izango du berriz, eta bere aurrean, telefonoz besarkadak igortzen zizkiona, Mariano Rajoy, eta Jose Maria Aznar jesarriko dira. Azpijokoak, lapurretak, diruz beteriko sobreak, ordainketa faltsuak, diru-gehigarriak, poltsikoratze mardulak... horiek eta beste bekatu batzuk azaldu beharko dituzte. Politikak giza ekintza aztertzen du gizartearentzat probetxuzkoa izan dadin, eta kontua da, kasu horretan probetxua eurentzat izan dela. Hortaz, sasi-politikari horiek kontzientziarik izango ote dute? Printzipio moralik? Errudunak izango dira, zalantzarik gabe, baina Estatuak morala aplikatuko ote du zigorra ezartzeko?