Zirrikituetatik begira

Polizia

25.01.2021 | 00:57
Polizia

ez zaizkit uniformeak gustatzen. Ez dut gogoko kalean barrena nabilenean, han-hemenka uniformedun gizon eta emakumezkoak ikustea. Nahi dut egon daitezen. Seguruago sentitzen naizelako. Baina ez ditut ikusi nahi, era berean, beldurtu egiten nautelako.

Beldurra diet uniformedunei, manifestazio batean nire etxekoak jotzen ikusi nituenetik. Aspaldiko kontuak dira, badakit. Uniforme berdedunez ari bainaiz. Baina, ordutik diet beldurra uniformeei. Eta edozein koloreko uniformedunei.

Txiki senti arazten naute, domina ezina suertatu daitekeen egoera bateko galtzaile, erasoarekin eta bortizkeriarekin lotzen ditut, zeinetan arrazoia eta egia baino areago gailentzen den indarraren legea.

Kontua da, orain, gure herri honetan polizia propioa dugula. Demokratikoki aukeratutako gobernuak sortutakoa eta kudeatutakoa. Bizi garen gizarte honetan suertatzen diren gorabeherei erantzuteko eta aurre egiteko eratua. Egunotako gertakizunen harira, zuzenean kargatzera jo gabe, lan pedagogikoa egitea eskatu zaio poliziari eta poliziarik gabeko herria izan nahi dugula aldarrikatu.

Neuk ere hala sinatuko nuke, gaur bertan. Poliziarik gabeko herri baketsu batean bizi nahiko nukeela. Zeinetan ez legokeen lapurretarik, ez bortxaketarik€ ez bestelako arau hausterik, non eta bakoi-tzak bere betebeharrekin zintzo beteko lukeen eta, inor eta inola ez zaidala oldartuko sentituko nukeen.

Nago, bada, gizarte hori amestu arren, ez dela gaur, bederen, erreala. Ez oraingoz. Poliziari utikan joan dadila eskatu aurretik, herritar bezala dagokiguna une oro egiten dugula erakustea tokatzen zaigu. Eta gizarte bezala ez gaude maila horretan. Oraindik, zer egin behar dugun esan behar digute. Gure esku uzten diren arduretan, argi baitago, ez dugula bete-betean asmatzen. Gure inguruarekiko eta ingurukoekiko erantzukizun osoz arituko garenean, ni izanen naiz lehena, poliziarik ez dugula behar sinatzen. Bitartean, poliziak bere agerpenak egin ditzakeen lekuetan eta orduetan ez ibiltzen saiatzen naiz. Eta esaera zaharrari oratzen natzaio: bila ez dabilenak ez du nahi ez duenik aurkitzen.

Más información

noticias de deia