TZO minutu surrealistak bizi izan genituen erredakzioan. Ni baino gazteagoko neska bat herrenka sartu zen. Neu ere halaxe nenbilela esan nion, lasterka serieak egiten ari nintzela bikian sekulako ziztada eman eta haragi-etena nuela. "Serieak egiten?", erantzun zidan, "niri oinez normal-normal nindoala gertatu zitzaidan!". Geroxeago beste lankide bat sartu zen, hura ere parte onekoa ez zen ibileraz. Horren harira kontatu zuen beste lankide batek berari gertatu zitzaiona. Lagun batek iztarrean egindako zimikoak susto galanta eman, nonbait. Sustoaren ondorioz egindako gorputz-astinaldiak sorbaldan egundoko aberia eragin, eta lau hilabeteko baja agindu medikuak. Badut beste lagun bat ere, lo zegoela ohean postura aldatzen hasi eta zuntz-haustura izandakoa. Ederrak gaude zortziko kubikoari heltzeko...

Barregura ematen dute kontuok, besteenek bereziki, baina gero eta aje gehiago agertzen ari zaizkigu. Sorbalda ondo duenak, belaunean min. Bizkarrezurreko herniez kexatzen ez dena, mokorreko higaduraz intzirika. Eta bagabiltzanean, konten. Joxanek esan ohi du garbitutakoan berri itxurak egiteko gai den kotxe zaharraren pare jarrita gaudela. Engainagarri, lehenbiziko koskara iritsi bitartean. Orduan lanak, ispilua ez bada eskulekua lurrera, klaxk.

Berrogeita hamar urtetik aurrera ajerik ez duena bizirik ez dagoelako omen. Adin horretara iritsi bitarte, narrats antzean ibilita ere berdintsu dela diote. Handik aurrera, bizarra ondo moztuta, txukun jantzita eta kolonia usainarekin ere lanak. "Ula uli ula, inongo minik ez!", kantatzen zuen Ferminek. Ezinak gaitu umiltzen. Bitartean, dagiegun ajeei iji!