OINAZEKO kuadrila handi batek alai eta ohorez ospatu du urteroko Mariren jeitsiera. "Aurtengoan ere" jarri dut hasteko eta hona ekarri segituan, ostiralean egin zuen parranda behin behineko arauetatik hainbat harago zihoala, edo pentsaturik akaso hainbat urtetako ohitura eta ekanduak indar eta zio gehiago duela goizetik gauera, inoiz azalpen larregi emon gabe ez ezik sen-onari edo logikari inolako bide ez aukerarik eman gabe ezarri duten alarma lege horrek baino. Beasaingo Zaldizurreta plazako farolaren inguruan kantu, doinu, saltu eta dantza egitea ezin litzateke sekula delitu edota legearen kontrako ekintza dela esan. Apologia gaizto bat egiteaz salatuko nauzue baina inori inolako kalterik egiteko asmo gabe parranda bat egitea, kasu honetan ere, "politikoki okerra" ez den beste kontzepturik ezin zaio leporatu. Beasaingo alkateak esanak, "Herriaren izena lausotu dute" eta "Herritar horiez lotsa sentitzen dut" bai direla politikoki zuzenak baina hura ezagutu gabe, bihotzetik atereak ez direla esaten ausar-tzen naiz. Kaleko inkestetan ere maizena edo ohikoena delako: "...ulertzen ez badut ere egin egiten dut...".

Kontraesanez beteriko sasoia betetzen gauden honetan, munduko estatu bakarra gara pandemia hasi eta bi hilabete t'erdira musukoak jartzen behartzen gaituena edota kontrakoa mila aldiz entzun ondoren "kontaktoz" kutsatzea ia ezinezkoa dela azpimarraten hasi dira orain. Edo, Zein ote da EAEko herrialdea probintzietan mugaz bereizteko arrazoia? Zergaitik 10eko taldeak ez eta 15ekoak bai? Eta horrelako inkongruentzia zerrenda luze bat. Horrenbestekoa edo larriagoa, sare sozialetan erabat biral egin den bideoa, zeinetan haurtzaindegi bateko haurrak metro karratu bateko lauki baten barruan besteengandik bi metrotara azaltzen diren. Esan gabe doa inguruko iruzkinak nondik nora doazen, alegia adin horretatik elkar ikutu gabe -eta ez diot musukatu edo besarkatu- hezi behar ote dugun datorkigun belaunaldi berriko gizartea. Sumiso edo otzan hauek ez dute ez, Mari, Marijaia edo beste edozein mariren jeitsierarik ospatuko.