GOERA hau pasatzen denean berriz hasiko gara ohiko egunerokotasunean ari-tzen. Hori esaten da hortik. Normaltasunera itzuliko omen gara birus basapizti horrek eragindako triskantzaren ostean. Benetan? Hori da helburua? Normaltasunera itzultzea? Bada, ez. Lehen normala zenari atea itxi, eta bide berriak topatzen saiatu behar dira. Normaltasuna kapitalismo esezinaren jarduera oldarkorrak ekartzen badu, laster edo berandu berriz murgilduko gara beste sarraski global batean, munduko herrialdeek gizateria edo globala kontzeptuak erabat ezabaturik baitituzte beren lexikotik. Bakoitza berea, eta mugetatik at dagoenari muzin egingo zaio. Hori pentsatzen da gaur egun. Afrikako goseteak, milaka lagun akabatzen dituzten Asiako uholdeak, herrialde pobreek pairatzen dituzten covid-19 bezain hilgarriak diren gaixotasunak, alarma klimatikoak ekarriko dituen hondamenak,€ ez dira hain garrantzitsuak, urrunegi baitaude.

Baina dena aldatu da. Hau bukatutakoan ezin dugu berdin jarraitu. Jorge Riechmann poeta eta filosofoak esaten duen bezala, Proba Handiaren Mendean gaude (Siglo de la Gran Prueba). Mende honetan, maila sozialean kolapso globala ekar dezaketen hainbat faktore bildu(ko) dira: goseteak, aldaketa klimatikoa eta biodibertsitatearen suntsipena, gaixotasun ezezagun berri larriak, migrazio zabalak, baliabideen eskasia, eta politikaren frakasoa. Politikak ekonomiari begiratzen dio, eta kortoplazista denez gero nekez bereganatuko du ekologiaren kultura mundu mailan. Gizarte industrializatuaren oinarria ingurua menperatzea da eta ez berarekin mantentzen dugun harreman erregula-tzea. Kapitalismoak kapritxozko gehiegikeriak baino ez ditu ekarri, beti ere neurribakotasunari eginiko lausenguengatik.

Hortaz aldaketa kulturala eta politiko-ekonomikoa beharrezkoa da, normaltasunera berriz ez itzultzeko. Segurtasunez beteriko balizko burbuila batean, erosotasunez ase bizi ginela uste izan dugu, baina koronabirusa heldu da. Dolu garaia da, baina norabide berriak eta batasuna bilatzeko, eta mundu berri baten alde borrokatzeko sasoia ere bada.