DEIGARRIA da oso, inpunitateak ekar dezakeen isiltasuna, edo alderan-tziz, isiltasunak ekar dezakeen inpunitatea. Hemen, Zaldibarreko zabortegiaren inguruko drama bizi ari garen bitartean, isiltasunez, eta informazio dosi txiki eta zalan-tzazkoarekin, beste toki batzuetan ere eskandaluzko kontuak egiten dituzte inolako urrikalpenik gabe.

Duela urte batzuk, Madrilgo hilerrian, armada naziaren abiazioaren omenez altxaturiko mausoleoa kendu zuten. Bertan, "hemen lurperatuta daude Espainia libre baten alde borrokan erori ziren alemaniarrak" esaldia zetorren. Bai, kendu zuten. Zer bestela?

Madrilgo alkate negargarri berriak, nazien ideologiari men eginez, beharrezkoa den gardentasunari heldu gabe, eta egia historikoa behin eta berriz ukatuz, ortu-santuan eskua sartu nahi izan du berriro, eta gerrako biktimak gogoan hartzen zituen Miguel Hernandez poetaren bertsoak desagerrarazi ditu. Poema zati bat ezabatu!!!

Horiekin batera beste esaldi esanguratsu batzuk eta milaka fusilatuen izenak garbitu ere egin ditu. Frankismoaren zamagarria pisu handikoa omen da, eta askoren burutik ezin du arintasunez alde egin. Eta harrigarriena da ukapen horrek ez duela izango inolako zigorrik hartuko, inpunitatearekin egiten baita.

Aste honetan inpunitateari buruzko azalpen ederra irakurri dut Argian agertu den elkarrizketa batean. Aditua Fernando Mendiola historialaria izan da. Berak dio, gauzak larriagoak eta arriskutsuagoak direla duela bizpahiru urte baino. "Inpunitatearen kulturak eta frankismoari garrantzirik ez emateko batzuen jarrerak ultraeskuindarren gorakada erraztu dute. Inpunitate juridikoaz gain, inpunitate soziala ere badago. Estatuak berak mantendu du Franco ohorezko tokian duela gutxi arte eta, era berean, frankismoa goraipatzeko ikurrak topatzen ditugu toki askotan". Eta hala da. Ez zaio behar duen garrantzia ematen arazo larri horri.

Inpunitatearen isiltasun-sarea toki askotara hedatu da. "Isiltasuna ere produktu historiko bat da. Ez da kontu psikologiko hutsa. Oso lotuta dago politika publikoekin".

Ez dakit baina dirudienez lehengo lepotik dugu eta izango dugu burua.