Zirrikituetatik begira

Altza Pelipe

09.02.2020 | 06:23

aTZERRIKO haurren bat etxera etorritakoan, komunikazioa ez da erraza izaten lehen egunetan. Pape iritsi zenean ere ez. Guk woloferaz genekizkien hitz apurrekin moldatu behar izan genuen lehen egunetan. Berak hitzak urri. Irribarre eztiz erakusten zuen esker ona, eta negar egiten minak erasandakoan. Zazpi urte zeramatzan ahorik ireki ezinik, eta erabat usteldutako pare bat hagin zituen, artean ez genekien baina. Behin, Zarauzko Azken Portuko taberna baten aurretik pasatzean, oihuka hasi zen gure beltxa: "Iniesta! Barça! Iniesta! Barça!". Andrés Iniesta futbol jokalariaren poster bat zegoen beiran itsatsirik, eta hark eragin zuen gure mutikoaren eroaldia. Horrela jakin genuen futbolzalea eta Barçaren jarraitzailea zela. San Sebastian bezpera batean, Messik eta enparauek Anoetan jokatzen zutela eta, haiek ikustera joatea egin genion opari. 0 eta 2 irabazten hasi ziren kanpotarrak. Pape laineza hartuta. Baina bigarren zatian gauzak aldatu egin ziren. Txuri-urdinek partida irauli egin zuten. Arauzko denbora agortuta zela sartu zuen Agirretxek Realaren hirugarrena. Kopeta ohi baino are beltzago zuela egin zuen etxerako bidea. Gurean egin zuen bigarren egonaldian, berriz, Bartzelona ikusteko azken aukera izango zuela jakinik, San Mamesera eraman genuen, kopako norgehiagoka bat ikustera. Athleticek sekulako astinaldia eman zien katalanei. Bigarren aldi hartan hobeto hartu zuen Papek, baina harrituta esan zigun: "Hau nola liteke! Bartzelonak ia inoiz ez du galtzen, eta nik ikusitako bi aldietan porrot!".

Ez da guk nahi bezain maiz gerta-tzen, baina tarteka bai. Ostegunean txuri-urdinek Real Madril menderatu zuten, non eta Bernabeun, eta zuri-gorriek Bartzelona Bilbon. Ostiraleko zozketak bien arteko finala posible egiten du. Euskal kirolarentzat historikoa li-tzateke, Espainiar monarkiaren-tzat dramatikoa. Badaezpada hasi beharra dago Altza Pelipe trulalai entsaiatzen.

Más información