BRECHA orgásmica: cómo el patriarcado nos persigue hasta en la cama zen Paola Damontik Iruñeako Emakumeen etxean eskaini behar zuen hi-tzaldia. Vox-ek sare sozialen bidez egindako presioaren ondorioz, Udalak bertan behera utzi du hitzaldia, debekatu egin du. Ultraeskuindar indarren eragina ez da nolanahikoa. Gaindituta dauden eztabaidak piztera etorri dira eta hara, satisfyer-en garaian, ezin emakumeen sexualitateaz hitz egin. Hau da marka.

Baina, hala ere, ez dakit zerk eragiten dien beldur gehien: orgasmo hi-tzak edo arrakala hitzak berak. Ez dakit zerk aztoratzen dituen gehien: sexualitateaz hitz egiteak, ala sexualitate hori emakumeena izateak. Agian izu gehien eragiten diena da emakumeek euren sexualitateaz modu aske batean gozatzearekin batera zenbait ate ireki daitezkeela, mendeetan itxita egon diren ateak. Agian beldur gehien ematen diena da zenbait botere harreman azaleratu daitezkeela emakumeek euren gorputzen inguruan eta euren harremanen inguruan hausnartuz gero. Emakumeek auren sexualitatea nola bizi izan duten eta nola bizi duten, eta generoak harreman horietan duen eraginaz pentsatzeak euren jarrera edo egiteko modu asko ulertzen laguntzen die eta askeago sentiarazten ditu, zalantzarik gabe, eta eskuin-eskuinari ez zaio batere gustatzen egunez egun askatasun eremutxo bat irabazten ari den emakumeen irudia. Azken finean, emakumeen askatasunari dioten beldurra dago guztiaren oinarrian.

Damontiren hitzaldiaren helburua zen azalaraztea emakume eta gizonen arteko berdintasun eza sexuaren eremura ere heltzen dela. Gure jarduera intimoenetan ere botere harremanek eragin itzela dutela agerian uztea. Nerabeek sexualitatea porno ezin matxistago baten bitartez ikasten duten garai honetan, emakumeek harreman horiek nola nahi dituzten erabakitzeak joko eremua aldatzen du. Horregatik emakume baten orgasmoa ere mehatxu bat bezala sentiarazten dute. Beraz, agian aurrerantzean eguneroko ekintza iraultzaile eta eraldatzaileen zerrendan sartu beharko dugu emakumeok orgasmoak izatea. Eskerrak eman beharko dizkiegu Vox-ekoei orgasmo bakoitzarekin plazer bikoitza sentiarazteagatik.