URTERO Gabonak aspaldian hasi ziren nire ordenagailuan; beraz, nire etxean; beraz, nire gorpu-tzean. Ezin dut orain data zehaztu, baina bat-batean, ez dakit zein webgune ireki nahi nuela, gabon film baten trailerra, aurrerakina, iragarki bat, agertu zitzaidan begien aurrean, gabon kanta moderno (moderno-moderno ere, hogeita hamar urte baino gehiago izango du) itsaskor gogoraerraz horietako baten laguntzaz. Berehala ezabatu beharrean, trailer osoa ikusi nuen kantaren hitzak hortz artean inozo-inozo (“Last Christmas I gave you my heart...” ). Hori izango zen beharbada lehendabiziko hutsegitea, zeren harez geroztik edozer gauza irekitzen dudala ordenagailuan hor daude temati filma eta kanta alamena ematen.

Ostiral beltzaren kontuarekin espero nuen beste iragarkiren bat filmarena ordezkatzeko, baina algoritmoa indartsuegia izango da, eta komedia erromantikoak (komedia erromantikoa baita filma) hor segitzen du nire ordenagailuaren erraietan erroturik. Egia esan, uste dut nik neuk elikatu dudala ditxosozko algoritmoa, zeren kantarekin zihoan bideo jatorrizkoaren bila ibili bainintzen sarean, harribitxia: hor, bideoan, George Michael zena, artean armairuan zegoela eta Wham! taldean, adats errubio itzel baten jabe, amodio istorio heterosexual batean nahasita dago eski-estazio batean lagunekin gabonetan edo, dena oso laurogeiko.

Filamari dagokionez, aurrerakina ikusita osorik dago ikusita, komedia erromantikoetan ez dago aldaera gehiegirik: protagonistak, zailtasun batzuk jasan eta gero, zoriontasunera iristen dira. Penaturik ikusi dut Emma Thompson mirestuak filmean parte hartzen duela. Arrakasta izango du filmak, den-dena izango baita ia-ia perfektua: argia, elur faltsua, hotz faltsua, gabonetako jantzi ezinezko horiek, abenturatxoak, festak. Askoren ametsa (bikotekidea topatuko duela saltoki-gune handi batean edo jendez beteriko kaleetan kasualitatez eta estropezuka gabonetako erosketak egin bitartean) film batean behintzat gauzatuko da. Errealitatea beste zeozer da, jakina.

Hilabete gogorra dugu aurrean, Last Christmas I gave you my heart...