MADRILEKO lagun bat etorri da bisitan. Iaz ere Euskal Herrian izan zen, ez genuen elkarrekin egoteko aukerarik izan, eta komentatu dit aurreko urtean harrituta geratu zela, han eta hemen barra-barra entzun zuelako jendea euskaraz hitz egiten. Benetan?, galdetu diot, kontuan izanda ez zela bakarrik herri euskaldunenetan ibili, hiriburuetan eta euskaldun gutxiago bizi diren herrietan ere ibili baitzen. Poztu naiz hori entzutean, sinesten kostatu bazait ere. Eta lagunak ez du ulertzen zergatik egiten zaidan hain zaila hala izan zela sinestea. Gu euskaldunak ezkorrak garela esan dit, beti ikusten dugula botila erdi hutsik, beti gaudela negar batean, kostatu egiten zaigula ondo egindako gauzak onar-tzea eta abar? Eta poliki-poliki nire lagun madrildarraren gogo-berotasunak kutsatuta edo, sinesten joan naiz hala izan zela, eta bi ardo eskatu ditut barran, eta topa egingo dugula esan diot, noski baietz, irrintzi bat botatzeko gogoa ere sentitu dut, bai, arrazoia du, beti gaude negarrez, beti gaude berri onak ezin sinestuta, beti eszeptiko, eta hori aldatu beharra dago. Eta ardoa dastatzen ari ginela, halako batean aspaldi ikusten ez nuen laguna agertu da tabernan, bere familiaz inguratuta. “¿Qué tal, Mikel? ¡cuánto tiempo!”, esan diot lagunari, giro euskaldunetan mugitzen den laguna bada ere eta euskaraz badakien arren, ez baitu ia inoiz erabiltzen eta ondorioz, beti hitz egin baitut berarekin gazteleraz. Eta Mikelek honela erantzun dit: “Pues ederto. Hoy tenemos urtebetetze de la amama en el jatetxe, así que estamos todos, la ama, el aita, las txikis? Zoragarri, un egun pasa perfecto”. Laguna aldendu denean, nire lagun madrildarrak irribarre egin dit, ikusten?, esanez bezala. Benetan garela ezkorrak, berretsi dit, inguruan jendeak euskara egiten digun arren, guk ez dugula sinesten hala denik. Eta jarraian galdetu dit euskaraz egin didan lagunari zergatik erantzun diodan nik gazteleraz. Arrazoi duela esan diot, guk beti ikusten dugula botila erdi hutsik eta ez dakigula daukaguna baloratzen. Eta barka-tzeko une batez, komunera joan behar dudalako. Barkatzeko, arren.