NIRE lagun bat asko haserretzen da nirekin ez ba diot telefonoa lehenbiziko deian hartzen. Askotan esan diot batzuetan ezin izaten dudala hartu, bilera batean nagoelako, liburutegian edo dutxan, nik dakit, baina nire lagunak ez du ulertzen. “Patata-soro batera bota duzu telefonoa, ala?”, galdetzen dit beti, azkenik telefonoa hartzen dudanean. Eta nire lagun honen jarrera gero eta hedatuago dagoela ikusten dut, nigan ere sekulako eragina izan duela jada. Norbaiti deitu edo mezu bat bidaliz gero eta ez badu ordu erdian erantzuten, onartu nahi ez badut ere, nik ere sentitzen dut halako amorrualdi bat. Baina non demontre dabil hau, ba?

Salto egin beharko genuke, egun batez bada ere, hamarkada ba-tzuk atzera, eta gogoratu zelako pazientzia izaten genuen mugikorrik gabe bizi ginenean, lagunari etxera deitu eta etxean harrapa-tzen ez genuenean; gutun bat bidali eta egunak eta egunak haren erantzunaren zain egoten ginenean; oporretan argazkiak atera eta haiek errebelatu arte zain egoten ba genekienean? Pazientzia galdu dugu. Dena da berehalakoa. Berehalako erantzunak behar ditugu.

Eta pazientzia falta hau eremu guztietara zabaldu da, baita politika mundura ere. Politika ezberdinen artean adostasunera heltzeko tresna baldin bada, diferenteen arteko adostasuna lor-tzeko denbora behar da, elkarrizketa asko eta pazientzia. Baina mundua hain doa azkar, politikan ere emaitza azkar eta berehalakoak bilatzen dira askotan, eta presa handia egoten da komunikabideetan azaltzeko negoziazio bat zelan doan konta-tzeko, adibidez, jakinda kontatuz gero negoziazioa bera zapuztuko dela.

Badaude gai potolo asko ezin direnak gautik egunera konpondu ez bada etengabe hitz egiten eta egunero pauso txikiak ematen. Baina horretarako pazientzia behar da eta halakorik gutxi sumatzen dut aspaldi inguruan. Batzuetan, nire lagunak dion bezala, telefonoa patata-soro batera bota, eta zain geratzeko gogoa izaten dut. Isiltasuna eta pazientzia. Bien konbinazioak beti dakartza fruitu aberatsak.