JAKIN min handia omen dugu zahartzean izango dugun itxura ezagutzeko. Horrela adierazten du behintzat FaceApp aplikazioak izan duen arrakastak; badakizue, zure argazki batekin zahartzean nolakoa izango zaren erakusten dizun aplikazio hori, egunotan bere pribatutasun politikagatik eztabaida sortu duena. Horrela, hainbat pertsona famaturen irudiak ikusi ditugu zahartuta, ile zuri, zimur eta tentsiorik gabeko azal bigunekin. Ze itxura izango dugu guk adin horretara heltzen bagara? Naturala da jakin mina izatea, emaitzak beldurra ematen badu ere.

Itxuraz ari gara bakarrik, dena den. Agian inork asmatu beharko luke beste aplikazio bat, gure gaur eguneko pentsamendu, ideologia, sentimendu eta barruan dugun guztiaren informazioa eman ondoren adieraziko diguna nola pentsatuko dugun eta zer sentituko dugun hamabost edo hogei urte igarotzen direnean. Kontserbadoreagoak izango gara? Edo munduaren egoera larria ikusita barrikadetara bueltatuko gara hogei urte genituenean bezala? Zelan maitatuko ditugu inguruan ditugunak? Maitatuko al ditugu? Ala geure buruarentzako maitasuna bakarrik geratuko zaigu gero eta indibidualistagoa den gizarte honetan? Bizi pozik geratuko al zaigu ordurako? Ilusiorik izango al dugu gauza berriak egiteko? Ala purrustaka igaroko dugu eguna, erresuminduta, bizitzak ez digulako guk espero genuen guztia eman? Zelako balorazioa egingo dugu gure bizitzaz? Ezagutuko al dugu geure burua hogei urte barru? Gaur egunetik ikusita, gustukoak izango al ditugu gure ideiak? Ados egongo al gara geure buruarekin?

Ez dakit inork asmatuko duen honelako aplikazioren bat, baina argi daukat FaceApp baino beldurgarriagoa litzatekela. Nik behintzat nahiago dut neure irudia zaharturik ikusi, bere zimeltasun guztiekin, neure buru barnearen dekadentzia ikustea baino. Zimurrek ez didate hainbesteko beldurrik ematen, bai, ordea, neure burua bizitzaren aurrean amore emanda ikusteak. Hori bai zauri sakon eta mingarria. Hori bai zahar egiten gaituen benetako zimurra.