APIRILEKO hauteskundeen ondoren, badira aldeko haizea izango dutela eta maiatzeko hauteskundeetako emaitzek tankera bera izango dutela uste dutenak. Oker dabil, ordea, gauzak berez, ahalegindu gabe, jendearengana hurreratu barik eta atxikimendua zein babesa bilatu gabe apirileko kopuruetara iristeko asmotan dabilena. Izan ere, Espainiako hauteskunde orokorretan, eskuineko hiru alderdien mehatxuari erantzunez mobilizatu zen herritar andana. Orain, mehatxu hori astindu denez gero, bestelakoak dira lehentasunak, bai eta herritarren apetak ere. Herritarren zati batek berdin bozkatuko du, edozein gauza gertatuta ere... baina badira, eta horiek gero eta gehiago dira, desberdin jokatzen dutenak, herri-erakunde bakoitzaren arabera. Udal bakoitzean, nola kudeatuko dugu etxebizitzaren, uraren, zaborren, azpiegituren, gizarte eta kultur zerbitzuen gaia? Zer eginen dugu bizikidetza, kohesioa eta herritarren behar zahar zein berriei erantzuteko? Zer egingo dugu herri erakundeak zamatzen eta herritarrak zoratzen dituen burokrazia arintzeko? Eta herri erakundeak are gardenagoak eta hurbilagokoak izateko? Bideak, argiteria, garbitasuna, garraio publikoa, enplegua, agenda berdea... Era horretakoak dira herritarren kezkak, bizi direneko auzoak eta herriak aurrera egin dezaten bilatzen dutelako, betiere, herritarrak erdigunean kokatzen dituen proiektu baten partaide izanik. Beste horrenbeste esan dezakegu lurralde bakoitzari buruz ari garenean ere bai. Auzo, herri eta hiri bakoitza ezin uler daiteke ondoan daudenak kontuan hartu eta egitasmoak albokoekin partekatu gabe. Izan ere, gure lurraldea txikia da, dauzkagun bitartekoak mugatuak dira eta denon arteko lankidetza ezinbestekoa da, baldin gizarte gisa dauzkagun helburuetara iritsiko bagara. Hurreko erakundeek egitasmoak aurrera atera ahal izateko, foru aldundien laguntza ezinbestekoa dute. Halaber, foru erakunde bakoitzean gobernatzen dagoenak lurraldeari buruz duen ikuspegia erabakigarria suertatzen da, lurraldea bera antolatzeko, ehuntzeko eta aukera berdintasuna herritar guztiei segurtatzeko orduan. Ahalik eta toki erakunde gehienetan, egitasmo partekatua duen alderdiak goberna-tzea garrantzitsua da, ez aniztasuna ezaba-tzeko, ezpada, askotariko errealitateak norabide berdinean jartzeko. Aurrerapenarekin eta etorkizunarekin bat egitea baita kontua.

Lau urte denbora luzea da, are gehiago bizitzea tokatu zaigun aldi honetan. Lau urtean aukera ugari gal ditzakegulako, etorkizuneko trena galtzea ekar dezaketenak. Galdutako denbora berreskuratzeko egin beharreko ahalegina, gainera, esfortzu handia eskatzen du, gero eta handiagoa... Horregatik, gutako bakoitzak, bizi den tokian, berariaz aztertu behar du hauteskundeetara aurkezten direnek orain arte zer egin duten, zer-nolako engaiamendu, ganora, erakutsi duten, bai eta etorkizunerako zein egitasmo zehatz aurkezten duten ere. Helburua ez da txeke zuririk ematea, ez eta, botoa eman ondoren, hurrengora arte ahaztea ere, konfiantza gehien nork ematen duen behatzea da gaia, ezer irabazitzat ez ematea, aurrekoetan gertatu ohi denez, damutzeko modurik izan ez dezagun! Jar dezagun gure partea, ahalegindu gaitezen, dezakegun guztian... Eta gure ordezkariei eska diezaiegun emandako hitza bete dezaten, egitasmoak gauza ditzaten, elkarlanean... Bat eginik!