Kopako finalek taldeari kalte handia egin deutsela esan eban Marcelino Garcia Toralek Atletico de Madriden aurkako partiduaren osteko prentsaurrekoan, ligea baztertu eta Realaren eta Bartzelonaren aurkako partiduak bakarrik euki ebezalako buruan. Lehia bi horreek galdu izanak K.O. itxi eben taldea eta zalantza handiak sortu ebezan etorkizunera begira. Are gehiago hurrengo jardunaldi bietan Betis eta Atletico de Madriden aurkako partiduak izanda eta hamaikakoan pisu handia daukien jokalariak lesionaturik egonda. Nabarmendu beharra dago, Marcelinoren taldeak ez dauela amore emon, egoera gogor batetik etorri arren. Zuri-gorriek bardindu egin eben Benito Villamarinen Europarako borrokan buru belarri sartuta dagoan taldearen aurka eta ez eben garaipena urrun izan. Atletico de Madridek Ligako txapela eukan jokoan baina ez zan gauza izan punturik urratzeko San Mamesen.

Eta taldearen erreakzioa ordezko jokalari ba-tzuren eskutik iritsi da, hainbat partidutan aukerarik izan ez daben jokalarien eskutik. Muniain, Yeray, Yuri eta Raul Garcia barik eta Williams ordezkoen aulkian itzita, Sancet, Villalibre eta Morcillok gidatu dabe taldea garaipenerako bidean, Iñigo Martinez lako beteranoen babesagaz. Oihan Sancet nafarrak denboraldiko partidurik onena egin eban Atletico de Madriden aurka eta zuri-gorrien erasoko jokaldi guztiak bere oinetatik igaro ziran. Mutil hau oso ona da eta asko emongo deutso taldeari. Hori bai, jokatzeko aukerarik emon ezean ez dau bere mailarik onena lortuko lehenengo mailan. Villalibrek ezin izan eban golik sartu baina lan piloa egin eban aurrealdean. Eta Jon Morcillok barriro erakutsi eban jokalari ausarta dala eta bizitasun handia emoten deutsala ezker hegalari.

Sei partidu geratzen dira liga txapelketea amaitzeko eta Osasunaren aurkako partidua kenduta, Athleticek aurkari izango dituen taldeek gorputz eta arima jarriko dabe zelaian asko dutelako jokoan. Ligako txapela Sevilla eta Real Madriden kasuetan eta mailari eustea Valladolid, Huesca eta Elx-en kasuetan. Athleticek, ostera, ezelango presino barik jokatuko dau. Sevillan okertu zan denboraldia zuzendu eta itxaropena eta ilusinoa eragiteko aukerea daukie zuri-gorriek.