Zale barik jokatu eben partidua Granadak eta Athleticek. Esan beharrik ez dago futbola ez dala gauza bera ateak itxita jokatuta edo estadioa ganezka egonda. Esango neuke zaleen berotasuna jaso barik etxean jokatze horrek indar asko kentzen deutsola etxeko taldeari. Edozelan be, Garitanok planteamendu konserbadorea egin eban los Carmenesen jokatzeko. Unai Lopez eta Williams hamaikakotik kanpo itxi ebazan eta Vesga eta De Marcos zelairatu ebazan. Baleiteke Lopez eta Williams partidu osoa jokatzeko moduan ez egotea aurredenboraldi laburra egin ostean. Kontuak kontu, hamaika jokalaritik hiruk bakarrik -Muniain, Raul Garcia eta Morcillo- ziran erasorakoak, De Marcosen noizbehinkako laguntzeagaz. Dani Garcia eta Vesgak osotutako bikoteak lan handia egiten dau erdialdean baina ez dau jokorik sortzen. Athleticen zelai erdiak joko sor-tzaile bat behar dau, aurrera begira jokatzen dauena.

Lehen zatia aspergarria izan zan oso. Granada hurreratu be ez zan egiten Unai Simonen atera eta tramitean Athletic aurkaria baino gehiago bazan be, zuri-gorriek ez eben aukera garbirik sortu aurkariaren ate aurrean. Bigarren zatiaren hasieran gertatutakoa, entrena-tzailea hasarratzeko modukoa izan zan. Hegaletik ataratako falta baten Vesgak galdu egin eban markatu behar eban jokalaria eta Granadaren lehen gola iritsi zan. Athleticek asko sufriduten dau, gehiegi, goiko baloietan. Handik lau minutura De Marcosek eta Dani Garciak baloia galdu eben galdu ezin dan leku baten eta aurkariaren bigarren gola etorri zan. Kontuak kontu, Athleticek oparitu egin eutson garaipena Granadari. Aurrean amots eta konzentrazino barik atzealdean. Holan ez dago inora joaterik eta ilusinorik sortzerik.

Egia da Unai Simonek ez ebala ia baloirik ikutu eta Granadak gol aukera bi sortu eta biak sareratu zituala. Egia da baita, Athleticek baloi asko erdiratu ebazala hegaletatik eta ahalegin handia egin ebala partidua iraultzeko. Kontua da, baina, Athleticek ez ebala golik sartu eta bi jaso ebazala. "Futbola horrelakoa da" esan eban Garitanok berak. Zuri-gorriek arazo handi bat daukie erasora joka-tzeko orduan eta arazo horrek konponbidea behar dau. Formula barriak behar dauz gola sartzeko ezintasun kezkagarriari aurre egiteko.

Jon Morcilloren debuta izan zan Los Carmenesen jokatutako partiduak itxi euskun gauzarik onena. Zornotzako jokalariak ausart jokatu eban eta bere ezker oinetik etorri ziran zuri-gorriek erasoko jokaldi arrisku-tsuenak. Morciren erdiraketek, baina, ez eben errematatzailerik aurkitu. Horixe da Athletici falta jakona, baloiak saretaratuko dituen errematatzailea.