AMA izan baino lehen, haur bat erraz lokartzen zela pentsatzen nuen. Ez nekien gau bakar batean sei aldiz esnatuko nintzenik. Uste nuen planak ez zirela aldatuko, eta orain komunera bakarrik joatea luxu bat da. Esaten nuen ere pantailak saihestuko nituela, eta nahiko zorrotza naiz gai honekin, baina gaur goizean marrazki bizidunek lagundu didate gosaria beroa amaitzen. Pazientzia nuela ere pentsatzen nuen, baina egia da alabak master bat ematen didala horretan eta nire pazientzia neukana baino are handiagoa da. Hala ere, bazegoen gauza bat argi nuena: maitasunak ez duela neurririk. Horretan bai asmatu nuela.