Athleticek ezin izan eban irabazi San Mamesen jokatutako azken partiduan eta albistetzat jo behar dogu. Izan be, Gaizka Garitanok taldearen ardurea hartu ebanetik, Valladolid eta Bartzelona bakarrik izan dira gauza Katedralean puntu bat eskuratzeko. Egia esateko, txarto ohituten hasita egon gara gure taldea irabazi eta irabazi ikusita. Athleticek hamaika jardunalditan hogeta bi puntu eskuratuta, garbi egoan halakoren baten galdu egingo ebala bataz besteko bikain hori. Beraz, eta barriro dinot, nondik gatozen kontutan eukita, normaltzat jo behar dogu taldeak puntu bakarra lortu izana azken jardunaldi bietan, Mestallan galdu izana batez be. Sailkapenera begiratuta liga txapelketea amaitzeko hamaika jardunaldi geratzen diranean, Athleticek bederatzi puntura ditu jaisteko postuak eta seira Europarakoak. Beraz, pozik egoteko arrazoiak doguz.
Liga amaitu arteko partidu guztiak garrantzi handikoak izango dira baina Gaizka Garitanok Espanyolen aurka jokatu aurretik esan eban legez, San Mamesko partiduek garrantzi berezia daukie. Alde horretatik esan geinke zuri-gorriek huts egin ebela Espanyolen aurkako lehian ez ziralako gauza izan hiru puntuak eskuratzeko.
Athleticeko entrenatzaileak aldaketa bi sartu ebazan Mestallan aurreko jardunaldian zelairatu eban hamaikakotik: San Jose zelaierdian Beñaten ordez eta Susaeta Ibai Gomezen ordez eskoiko hegalean. Norgehiagoka etxean jokatuta, deigarri egin jatan zelai erdiko apostua, Beñaten eta bere lekua hartu eban San Joseren ezaugarriak erabat ezbardinak diralako. Hau da, Garitanok zelai erdia sendotzearen aldeko apostua egin eban, sormen jokoaren kalterako. Ganera, Espanyolek bederatzigarren minuturako gola sartu izanak pikutara bialdu eban zuri-gorrien entrenatzailearen planteamentua. Eta zelai erdiko jokoaren harira, non dago Ander Iturraspe? Hain txarto dago deialdietan be ez sartzeko? Esan beharrik ez dago entrenatzaileak egunero ikusten dauzala jokalariak eta inork baino hobeto dakiela zelan dagoan bakotxa. Edozelan be, deigarria da Ander Iturraspe holan desagertzea.
Athleticeko jokalariek gorputz eta arima ipini eben zelaian markagailuari bueltea emoteko baina futbolean sarritan ahalegina ez da nahikoa izaten garaipenak eskuratzeko. Ahalegin asko eta joko gitxi erakutsi ebezan zuri-gorriek bigarren zatian. Gaizka Garitanok sendotasun handia emon deutso taldeari defentsarako lanean baina erasorakoan zer hobetu asko daukie zuri-gorriek, Iker Muniainen bertikaltasuna kenduta, baliabide gitxi erakusten dabez-eta. Ulertzekoa da entrenatzaileak Raul Garcia eta Muniain zelaian nahi izatea, baina Txantreakoa ezkerretik ipinteak hegaleko joko barik izten dau taldea. Iñigo Cordobagaz jazo dana be ez da erreza ulertzeko. Garitanok titular ipini eban lehen partiduetan baina apurka apurka desagertu egin da hamaikakotik.
Atletico de Madriden aurka jokatuko dau Athleticek datorren zapatuan San Mamesen. Esan beharrik ez dago Simeoneren taldea Ligako aurkaririk gogorrenetakoa dala, deserosoena ez bada. Sailkapeneko erdialdean egoteak emoten dauen lasaitasunagaz, Athleticentzat oso garrantzaitsua izango litzateke zapatuko partidua irabaztea, hogeta hamazazpi puntura iritsiko litzatekeelako eta sailkapeneko bigarrenari irabazteak bultzada handia emongo leuskiolako. Horretarako, Athletic sendoena eta zorrotzena ikusi beharko dogu.
Besarkada bero bat Eduardo Rodrigálvarezen sendiari.