HABIAK eta habiak, eta habiak. Zuhaitzean ikusten dira sasoi honetan intsektu askoren habiak. Ez dakit nire begietako periskopioa zorroztuegi daukadan, baina esfera moduko pilotak antzematen ditut zuhaitz bakandu askotan. Eta bai, batzuk, liztor asiarren habiak dira. Asiatik etorritako hegodun handi horiek ez zaizkit gustatzen. Nire begiekin ikusi dut zer-nolako triskantza egiten duten erleen artean. Hartan, zulo handi batean zegoen erlauntza, eta halako batean tamaina bikoitza zuen eta hegazkin marraduna zirudien Asiako munstro hori etorri zen eta erle bat harrapatu eta eraman zuen. Aho bete hotz gelditu nintzen.

Handik hona, kezkatuta nabil kontu horrekin, eta zuhaitzetako bola horiek ikusten ditudanean, Bizkaiko Foru Aldundiak horretarako duen protokoloa jarraitzen dut, habia hori non dagoen jakinaren gainean egon daitezen. Azken aldian, Mungiatik Larraurirako bidearen inguruan ikusi ditudan batzuekin arduratu eta Mungiako Udalera deitzea otu zitzaidan. Hantxe jabetu nintzen Bizkaiko Foru Aldundiak, lurraldeko udal guztiekin batera, liztor asiarrei aurre egiteko araudi berria ezarri duela. Jarraibide horren pausuak hauek dira: herritarrek euren udalera jo behar dute liztor-habiak daudela jakinarazteko. Interesdunak jakin ahalko du gero habia erregistratuta dagoen, eta neutralizatu den ala ez. Zuhaitzak spray berde batekin marka badu, habia erregistraturik dago, eta gurutze berde bat bada, habia hutsik dagoela esan nahi du. Jakin badakigu liztor asiarra ez dela arriskutsua gizakiontzat, baina sano suntsitzailea da biodibertsitatearentzat. Datuak kezkagarriak dira, 2018. urtean inoiz baino liztor asiarren habia gehiago kendu dituzte, eta adibidez, Nafarroako erlauntzetan eragindako kalteak handiak izan ziren.

Argi dago helburua dela liztor asiarrentzat erakargarria den pozoi bat bilatzea, gertatzen ari den masifikazioari aurre egiteko. Modu eta estrategia ezberdinak erabiltzen dira gaur egun, baina badirudi prest izan daitekeela liztor asiarra erakartzeko feromona eraginkorren bat.

Liztorra gure artean dago, hor bizi da, eta tamalez, gero eta gehiagotan ikusiko dugu.