Athleticek sendo jarraitzen dau amildegitik urrundu eta sailkapeneko goialdeko postuetara hurreratzeko bidean. Gaizka Garitanoren taldeak ondo landutako garaipena eskuratu eban Eibarren aurka partiduko lehen minutua bete aurretik Raul Garciak sartutako golari etekin bikaina atarata. Zuri-gorriek ez dabe joko bikainik erakutsi azken bi jardunaldietan -Bartzelonaren aurka partidu itzela egin ostean- baina sei puntu eskuratu eta ez dabe golik jaso. Horrexek dira Gaizka Garitanoren taldearen ezaugarri nagusiak: sendotasuna eta eraginkortasuna. Athleticek hogetabi puntu eskuratu dauz azken hamaika jardunaldietan, partidu bakarra galduta, eta dagoenekoz hamar puntura itxi ditu jaisteko postuak eta laura daukaz Europarako sailka-tzeko postuak. Ezin jako gehiago eskatu Garitanoren taldeari.
Partidu gogorra iragarri eben Athleticeko eta Eibarko entrena-tzaileek San Mamesen jokatu beharreko euskal derbiaren atarian. Aurreikuspen guztiak, baina, bertan behera geratu ziran Raul Garciak Asier Riesgoren atea zulatu ebanean lehenengo minutua bete baino lehen. Hortik aurrera, José Luis Mendilibarren taldeak aurretik prestatutako planteamendua aldatu egin behar izan eban markagailuan atzetik jarri ostean. Eibarri kostau egin jakon jokoaren ekimena hartzea eta gol aukera gitxi sortu zituan Herrerinen atean. Athletic, ostera, eroso ibili zan baloia aurkariari emonda, kontraerasoan Iñaki Williamsen azkartasuna baliatu gurean. Norgehiagoka San Mamesen jokatuta, arraro egin jatan zuri-gorriak emaitzea defenditzen ikustea. Antzeko zeozer egin eban Huescaren aurka, bai, baina partidu hori ez zan Katedralean jokatu. Kontuak kontu, garbi dago Gaizka Garitanoren taldeak ondo baino hobeto dakiela zertara jokatzen dauen eta joko ikusgarria alde batera itxita eraginkortasuna da zuri-gorrien jardunaren oinarri nagusia. Formula horregaz eskuratu dauz Athleticek hogeitabi puntu hamaika jardunalditan. Ganera partidu bakarra galdu dau eta eta zazpitan ez dau golik jaso. Ahaztuta badaukagu be, Berizzok Athletic zuzendu ebazan hamalau jardunaldietan, behin bakarrik ez eban golik jaso Herrerinek, Valentziaren aurka San Mamesen. Beraz, ezin dogu kritikau Garitanoren eraginkortasunaren alde egindako apostua. Jose Luis Mendilibarrek argi eta garbi esan eban lez, Athleticek ondo merezita eskuratu ebazan hiru puntuak Eibar baino gehiago izan zalako bedartzan. Gaur egun, Athletic oso talde gatxa da edozein aurkarirentzat.
Hamahiru jardunaldi geratzen dira Liga txapelketea amaitzeko eta Athleticek lau puntura daukaz Europa Leagueko postuak eta seira Txapeldunen Ligakoak. Esan beharrik ez dago Garitanoren taldeak azken hamaika jardunaldietan daroan erritmoari eutsi ezkero Athleticek Europan jokatuko dauela hurrengo denboraldian. Ez da erreza izango talde asko dagoz-eta Europarako borroka horretan. Gaizka Garitanok sendotasun ikaragarria emon deutso taldeari. Erasora begira, baina, taldeak badauka zer hobetu. Entrenatzaileak Iker Muniain eta Raul Garcia euki gura dauz bedartzan eta horretarako, bietako bat hegalera bialdu behar dau. Muniain ez da hegaleko jokalaria eta entrenatzaileak ezker hegaletik zelairatzen dauenean, taldeak galdu egiten dau hegal hori, Txantreakoak barrurantz jokatzen dauelako. Cordoba hasi zan jokatzen ezker hegaletik baina deialditik kanpo geratu da azken jardunaldian. Eskoiko aldetik be, De Marcos zelairatzeak Susaetaren ordez, sendotu egiten dau taldea baina zorroztasuna galtzen dau erasorako. Edozelan be, Garitanok bete betean asmau dau orain arte.
Zapatukoa egun historikoa izan zan San Mamesko Jose Iragorri prentsa aretoan, talde bietako entrenatzaileak euskeraz eran-tzuten entzun genduzan-eta.