Aspaldion ez naz brankaganetik agertu eta egia esateko panoramea goitik behera aldatu da Athleticentzat azken aste honeetan. Amildegira jausteko zorian itxi neban taldea, joko barik eta burua altxa ezinik, iparra galduta. Hamar jardunaldi beranduago, talde zuri-gorria indartsu dago, aurkari gogorra da edozein talderentzat eta Berizzoren sasoian nagusitu ziran laino baltzak desagertu egin dira. Horrek ez dau esan gura zer hobetu ez dagoanik. Gaizka Garitanoren eskutik, Athleticek hobekuntza nabarmena euki dau defenditzeko orduan. Jokoa sortzekoan, baina, zuri-gorriek gauza asko hobetu behar dabez hondino be. Kontuak kontu, hamalau jardunaldi geratzen dira liga txapelketea amaitzeko eta Athletic zaleok ilusinoa berreskuratu dogu.
Garrantzi handiko garaipena eskuratu dau Athleticek Huescan, joku bikaina erakutsi ez arren. Gaizka Garitanok ez dau inor engainatzen. Lehentasunak garbi ditu entrenatzaileak eta atzealdeko sendotasunean oinarritu gura dau bere taldearen jarduna. El Alcoraz futbol zelaian markagailuan aurretik jarri ostean, zuri-gorriek nahi baino gehiago sufridu eben emaitzeari eusteko. Horrelako egoeretan sarritan gertatzen dan lez, gola sartu ostean Garitanoren taldeak atzerantz egin eban apurka apurka, partidua bere arean sartuta amaitu arte. Zorionez, hiru puntuak Bilbora etorri dira eta Athleticek hurrago daukaz Europako postuak jaistekoak baino. Azpimarratzekoa, Iñigo Martinezek eta Yeray Alvarezek atzealdean erakutsi eben sendotasuna. Eurak izan ziran zuri-gorri onenak Raul Garciagaz batera.
Garaipena eskuratu arren Garitanoren taldeak ez eban partidu bikaina jokatu, ez. Huescaren aurkako partidua irabazi beharrekoa zan jaisteko postuetatik urruntzeko eta garrantzitsuena hiru puntuak eskuratzea zan, beste kontu batzuk bigarren maila baten itxita. Ez dogu ahaztu behar nondik gatozen. Jaisteko postuetan egon dan talde baten jokoa ezin da zuritik baltzera igaro aste gitxiren barruan. Politxo jokatu ez arren, Athleticek egin beharrekoa egin eban partidu bi erreskadan irabaztetik etorren taldearen zelaian irabazteko.
Gaizka Garitanok Athleticen ardurea hartu ebanetik taldeak dituen estatistikak bikainak dira. Liga txapelketako hamar jardunalditan hemeretzi puntu lortu dauz. Bartzelonak, Real Madrilek eta Atletico de Madridek bakarrik lortu dabez zuri-gorriek baino puntu gehiago tarte horretan. Garitanok sendotasun handia emon deutso taldeari. Ligako hamar jardunalditan bost gol bakarrik jaso dauz eta Herrerin golik jaso barik geratu da sei partidutan. Ganera, Realak bakarrik zulatu dau bi bider zuri-gorrien atea Garitanok taldearen ardurea hartu ebanetik egindako partidurik txarrenean.
Hamalau jardunaldi geratzen dira Liga txapelketea amaitu arte eta Garitanok barre egiten dau Europarako sailkatzeko aukerea entzuten dauenean. Amildegira gehiegi hurreratu ostean, garbi dago ez dala bape erreza izango sailkapeneko lehen zazpi postuetako baten amaitzea ligea. Edozelan be, garbi daukat Athletic ondo lehiatuko dala jokatzeko dagozan hamalau partiduetan. Aurkariek ondo egin beharko dabez gauzak zuri-gorriak menderatzeko. Eta zapatuan Eibarren aurkako derbi erakargarria San Mamesen. Partidu berezia Gaizka Garitanorentzat.