ATHLETICEK entrenatzaile barria dauka gaurtik aurrera. Hamalau jardunalditan garaipen bakarra eskuratuta, Berizzo kreditu barik geratu da eta Levanteren aurka jasotako porrotak iragarritako heriotzearen kronikea eragin baino ez dau egin. Futbolean inoiz ezin da esan entrenatzaile aldaketak ondorio positiborik ekarriko dauenik baina ukaezina da Athletic honek aldaketa bat behar ebala, orain arteko bidetik jarraitu ezkero bigarren mailan amaituko eban-eta. Egoerea larri honen aurrean, Josu Urrutiak hartu beharreko erabagia hartu dau. Orain, entrenatzaile barriaren eta jokalarien eskuetan dago Athletic amildegitik ataratea. Hogeta lau jardunaldi geratzen dira joka-tzeko. Asti larregi ametsgaiztotik izartuteko. Taldeari sendotasuna emotea izango da Garitanoren lehen helburua.

Berizzok Athleticen ardurea hartu ebanean ez neban inondik eta inora pentsauko taldea bigarren mailara jaisteko postuetan egongo zanik hamalau jardunaldi jokatu ostean. Egia esateko, begi onez ikusi neban argentinarraren fitxaketea eta gustoko neban bere jokatzeko estiloa. Ganera, behin ezagututa, bere diskurtsoak konbentzitu egin ninduen. Lau hilabete luze igaro ostean, baina, gauzak ez dira joan danok gura genduan bidetik eta Athletic amildegira jaisteko zorioan dago. Azken baten, lehiaketak talde bakotxa jagokon lekuan ipinten dau. Berizzok porrot egin dau Athleticen. Lan serioa eta profesionala egin arren, argentinarrak ez dau asmatu plantileari errendimendurik onena atarateko ahaleginean. Entrenatzaile argentinarraren proiektua txarto hasi eta txarto amaitu da.