ATHLETICEN egoerea kezkatuta egoteko modukoa da. Zenbakiak argigarriak bezain kezkagarriak dira. Hamahiru jardunaldi jokatuta, Eduardo Berizzok zuzentzen dauen taldea sailkapeneko zuloan dago, bigarren mailara jaisteko postuan hamaika puntugaz. Normala da sailkapenean talde bi bakarrik eukitea azpitik, zuri-gorriek garaipen bakarra eskuratu dabe-eta liga txapelketea hasi zanetik, orain dala hiru hilabete. Abuztuaren 20an Leganesi 2-1 irabazi eutsonetik, Athletic ez da garaipenik lortzeko gauza izan. Baina emaitzak kezkagarriak badira be, are kezkagarriagoa da taldeak egiten dauen joko makala eta erakusten dauen ezintasuna. Berizzoren taldeak arazo ikaragarriak daukaz aurkariaren atean arriskua sortzeko eta defenditzeko orduan oso urrun dago egitura sendo bat izatetik, aurkariek gauza gitxi behar dabe-eta Herrerinen atea zulatzeko. Hori guztia gitxi balitz, taldeak ikaratuta lez jokatzen dau, konfiantza barik. Esan beharrik ez dago, bide horretatik segidu ezkero etorkizuna oso iluna izango dala. Taldeak lehenbailehen aldatu behar dau norabidea beranduegi izan baino lehen. Luzaroan gabilz gauza bera esaten baina ez da dinamika aldaketarik etorri. Konponbidea ez da erreza baina ezin dogu holan segidu.

Eduardo Berizzok ez eban finaltzat jo gura izan Getaferen aurkako partidua, jokalariengan gehiegizko presinoa sortu barik. Ez dakit zelan kalifikatu behar diran hemendik aurrerako partiduak. Agian finala deitzea gehiegizkoa izan daiteke baina hondoratzen hasteko arriskuan dagoan talde batentzat jardunaldi guztietako partiduek garrantzi berezia hartzen dabe. Hiru puntu baino gehiago dagoz jokoan. Esatebaterako zelan deitu behar deutsogu Athleticek datorren astelehenean Levanteren zelaian jokatuko dauen partiduari? Berizzoren diskurtsoa aztertuta, Athleticeko entrena-tzailea ziur dago lan ona egiten dabela Lezaman eta emaitzak etorriko dirala taldea bide zuzenetik ari dalako. Ez daukat zalantzarik entrenamenduetan Berizzok eta bere laguntzaileek lan bikaina egiten dabela. Baina egunak aurrera doaz, taldea makal dabil aurrealdean zein atzealdean, ez dau nortasunik erakusten eta gero eta beherako dago sailkapenean. Argi gorriak biztuta dagoz, egoerea larria da eta erreakzio bat behar da. Emaitzak ez dira berez etorriko.

Ez dauka lan erreza Eduardo Berizzok taldea sailkapeneko zulotik atarateko. Argentinarrak plantilan dituen baliabide ia guztiak -Guruzeta eta Ganea kenduta- erabili ditu eta emaitzak ez dira onak izan. Zelai erdiari jagokonez, Dani Garcia, Mikel San Jose, Unai Lopez, Mikel Rico, Muniain, Iturraspe eta Raul Garcia erabili ditu baina jokoa sortzeko arazoak konpondu barik dagoz hondino be. Gauza bera esan geinke aurrealdearen errendimendua aztertuta, Athleticek arazo itzelak ditu-eta golak sar-tzeko. Horregaz batera, Berizzok ez dau lortu bere taldea sendoa izatea zelaian. Ez dakit konponbidea nondik etorri daitekeen baina garbi dago bide honetatik segiduta ez dala ezer onik etorriko.

Egoera honetan zaleriaren babesa inoiz baino beharrezkoagoa bada be, Getaferen aurkako partiduan harmailetan izan ziran zale askok erakutsi eben jarrerea harrigarria iruditu jatan. Emoten dau paso egiten dabela eta bizkarra erakusten deutsoela taldeari. Taldearen jokoa aspergarria da eta emaitzak ez dira onak. Baina geure taldea da. Geure Athletic. Ez gaitezan iparra galtzen hasi.