Akatsak
NORBERAREN akatsak onartzea benetan da lan zaila. Askotan geure burua engainatzen dugu, egin duguna ondo egina dagoela berresten diogu behin eta berriz geure buruari, edota gezur bat asmatu eta sinesten dugu lasai geratzeko, lasai egin ahal izateko aurrera.
Zalantzarik gabe, bakoitzak bere buruarekin landu beharreko eginkizuna da norberaren akatsak onartzea, besteen aurrean baita ere, eta pertsonak garen moduan, akatsak egitea normala dela sinestea.
Ez da lan erraza, ordea. Eta jakin nahiko nuke zenbat erabaki har-tzen diren/ditugun egunero akatsen gainean, hauek ez onar-tzeagatik bakarrik.
Geure buruari akatsak onartzen ez badizkiogu ere, hauek makillatzen ikasten dugu, baina hanka-sartzea bestearena denean kosta egiten zaigu ez haserretzea, bereziki gugan ondorioren bat izan duenean haren erabakiak edo hark egindakoak.
Batzuetan ez dut ulertzen exijen-tzia muga hori hain altua izatea besteekin, edo kontuan ez har-tzea besteak ere erratu daitezkeela, gu bezala, berdin-berdin. “Dabilenari pasatzen zaio”, esaten du askotan gure amak. Eta hala da, erabakiak hartzen edo zerbait egiten dabilenari bakarrik gertatzen zaio batzuetan erratzea eta gauzak gaizki ateratzea. Begira dagoenari nekez gertatzen zaio. Egiteak berarekin dakar huts egin ahal izatea.
Akatsak akatsen gainean. Hori da akaso askotan gertatzen dena, eta guzti honen ondoriorik latzena. Hasierako akats bat oinarri hartuta akats gehiago egiten ditugula haren gainean hura ez onartzeagatik, besteek hasierako hutsegitea onartuko ez diguten beldur. Eta argi daukat besteekin ulerkorragoak bagina, aukera gehiago izango genituzkeela gauzak hobeto egiteko, erabaki hobeak har-tzeko. Izan ere, zenbat erabaki txar hartzen ditugu gure etxe, enpresa, eskola edota erakundeetan aurretik egin duguna akatsa dela ez onartzeagatik? Zergatik ez onartu gure akatsak eta baita besteenak ere? Azken finean, ez al dira ba akatsak gauzak ondo egiten erakusten diguten tresna eraginkorrenak?