ASTE batzuk pasa dira Eusko Jaurlaritzaren aginduz EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuak torturaz eginiko txostena atera zenetik, eta badirudi, hasierako zalaparta atzean utzirik, kontuak ahantzuraren bidea hartu duela hedabide gehienetan. Txostenak 4.113 tortura kasu zehaztu ditu EAEn ikertu den denbora tarterako (1960-2014). Txostenak dio, bukaerako ondorioetan, tortura ez dela noizbehinka gertatu den aparteko zerbait eta inkomunikazioak zerikusi handia (izan) duela komisaldegietan egon diren gehiegikeriekin. Aurkezpen ekitaldian Paco Etxebarriak, ikerketaren arduradunetako batek, azaldu zuen txostenean bertan zenbaturiko kasuak ez direla kasu guztiak eta torturaren norainokoa ez dagoela oraindik behar bezala neurtu.
Ilea lazteko modukoa da txostenaren gainean begiak jartzea; horregatik harrigarriak bezain zekenak izan dira, niretzako, PSEk eta ErNEk izan dituzten jarrerak. Sozialistek berehala atera dute ETAren komodina, ETAren existentzia hutsak torturak baimendu eta zuritu izango balitu bezala, txostenak haien ustez gatazkaren teoria elikatzen baitu. 4.113 kasuetatik 310etan Ertzantza agertzen denez, ErNE sindikatuak adierazi du ez dagoela ados txostenarekin, salaketak baino ez direlako bildu eta ez delako inoiz zigor epairik izan. Badirudi Paco Etxebarriaren ospe eta prestigioa ez direla ezer batzuen obsesio eta korporatibismoaren ondoan.
Otamendiri eta Torrealdairi, esate baterako, ez zieten sinetsi nahi torturak salatu zituztenean eta ez zen, jakina, zigor epairik izan. Baina, torturatzeagatik kondenatu eta indultatu bat ikusi dugu orain dela gutxi Guardia Zibilean goi kargu batean Diana Quer-en kasua dela eta. Azken finean, txostenak dioena guztiok genekien, guztiok.
Nik, eta barkatu gehiegi pertsonalizatzen badut gauza, izugarrizko beldurra diot torturari, min fisikoari beldur handia diodalako, badakidalako ez nuela ezta minutu bat agoantatuko, gaixotzen naizelako torturen deskribaketa txikienarekin. Nire gogoan tortura eta Unai Romanoren aurpegi ubeldu handitua beti egongo dira loturik.