LAGUN bati galdetu behar izan nion aurrekoan Cristiano Ronaldoren berri, albistegietan ikusi nuelarik sekulako kazetari-mordoa elkartu zela haren zain epaitegiaren aurrean. Kontatu zidan adiskideak iruzur egin izana leporatu zaiola, dagokiona baino gutxiago ordaindu izana zergatan, hain justu. Lagun berari galdetu behar izan diot egunotan Neymarren berri, hura ere etengabe ari baita askotariko ustezko albistegietan azaltzen.
Lezioa ikasi duela erakutsi nahi duen ikasle traketsaren moduan, brasildarraren diru-kontuak aipatu nituen ni neuk, baina ezetz, zuzendu zidan adiskideak, eta argitu zidan oraingo honetan Pariseko beste talde baten jokatu ahal izateko ordaindu duen dirutza dela hizpideetako bat, nagusia baina ez bakarra, zeren eta Bartzelonako talde handiari ezetz esan izanak bere jarraitzaileen artean sortu duen mina ere dezente azaldu baita notizietan.
Eta zeharo gogaituko zaidala jakin arren, berriro joan natzaio adiskide futbolzaleari, Villar eta Federazioko gainerakoen peskizan, urteetan egindako gehiegikerien berri zehatzago jakiteko.
Auzi hori guztien ahotan ei zebilela urteak omen direla argitu zidan lagunak. Niretzat berria zen guztia, nire mundu txikian Villar jauna “fulbola” eta “albitro” ahoskatzen dituelako baino ez zitzaidalako ezagun egiten.
Hirutan joan naiz adiskidearen bila erabat arrotza zaidan futboleko kontuez galdezka, edo nahiago bada, kirol horren inguru-marian antolatu den ikuskizun maiz lotsagarri eta ia lizunkoiaz. Laugarren aukera bat sortu denean, berriz, ni naiz albistearekin joan zaiona, neuk eman diot esklusibaren berri. Messi argentinarraren ezkontza-ospakizunean futbolaren unibertsoko izarrik distiratsu eta aberatsenak elkartu ziren uztailean eta orain jakin dugu oparia egin ordez, gonbidatuei behartsuentzako etxeak eraikitzen dituen “Techos”.
erakundearentzat diru-ekarpena egiteko eskatu zitzaiela. Diru-kontuak gardentasunez kudeatzera behartuta dagoelarik, erakunde horrek berak esan du guztira zenbat diru jaso zuen: 9.500 euro, gonbidatu bakoitzeko 36 euro eskas.