EZ dakit ohartu zareten, baina dagoeneko ez gaude krisian. Espainiako Erresumako ekonomiak gora egin du eta, aurreikuspenek halaxe omen, egingo du, %3 arte, gutxienez. Berez, Berreskurapenean gaude, halaxe diote datu makroekonomikoek; krisi ondoko berreskurapenean, baina langileok, langabetuok, gazte prekarizatuok zerbait galdu dugu bidean, ustez gureak genituen bizi baldintzak. Ekonomiak gora egin du, baina, adituek diotenez, ez da izan gobernuaren trebetasunari esker, baizik eta nazioarteko baldintzei esker. Espainiako Erresumak ez du eredu ekonomikoa aldatu, eta turismoa da lanpostu gehien, eta prekarizatuen, enplegatzen duen sektorea. Ekonomia, beraz, krisi aurreko mailetara igo da, baina, hor, esan dezagun, airean dabilen aberastasun hori ez da ailegatzen krisi aurretik ez-bezala(?) langileetara ailegatzen. Azpiazu Ekonomia eta Ogasun kontselariak hor airean dabilen aberastasuna soldatetaraino jaitsi eta nominetan gauzatu beharko litzatekeela eskatu duenean, enpresariek gainera bota zaizkie lelorik iraultzaileena aldarrikatu balu bezalako espantuak eginez: “soldata igoera eskatzea erraza da faktura ez duzulako zeuk pagatzen” izan da hitzez hitz hainbat enpresarien erantzuna. Kontua da enpresariek bost urte daramatzatela etekin itzelak izaten, eta hori ez dela gauzatu lana duten langileen soldatetan; (erreparatu, Rossel, Espainiako Enpresarien burua, bezalako tipo iraultzaile bat soldatak igotzeko prest badago, etekinak itzelak izan behar dute). Lehen 1600 euroko soldata kobratzen zuen langileak 1200 kobratzen du orain, eta gehienez ere 1300 kobratzera ailegatuko da; nora joan dira 300 euro horiek? Enpresarien eskuetara; eta horixe da krisiaren laburpena, enpleguaren prekarizatze ikaragarria, ia esklabo moduko baldintza eta enpleguaren neoliberalizatze ikaragarriarekin batera. Zer espero dezakegu? Latinoamerika ispilu, hau dena bizia dute han, gero eta tarte handiagoa aberats eta pobreen artean, bizi baldintza kaskarragoak, enpresarien etekin handiagoak zeinak langileengana ailegatuko baitira egoera ekonomikoaren araberako erregalia moduan, itun sozialaren desagerpena...Ongi etorri errealera, jendeok!
- Multimedia
- Servicios
- Participación
