MAROTO handia, Maroto Gasteizko alkate ohia, Maroto madrildartua, Maroto, “qué alboroto” (Gasteizko zutabegile batek beti idazten zuen bezala), Maroto Espainia guztietako popularren idazkariordeetako bat, Maroto Gasteizko oposizioaren buru eta ikurra hirira etorri zen, eta zikin dagoela esan zuen ozenki, kaleak zikin daudela. Eskuinari zikinkeria salatzea asko gustatzen zaio; Madrilen ere (agian horregatik etorri zaigu Maroto erretolika berberarekin) eskuina eskandalizaturik omen dago Manuela Carmenak hiria zikin duelako. Eskuinari kanpoko zikinkeria, kaleetakoa, azalekoa, ez zaio gusta-tzen; barrukoa beste kontu bat da eta zer egiten den kanpoko zikinkeria horrekin ere beste bat, garrantzizkoena ez ikustea da. Zikinkeria merke erabil daitekeen argudioa da politikan (Gipuzkoan badakite horretaz), hautesleen buruetan erraz sar daitekeen pentsamendu arina, botoak eskura-tzeko tresna eraginkorra.
Niri, egia esan, Gasteiz betiko moduan dabilela iruditzen zait. Badakit erlatiboa dela guztia eta zigarrokin gehiegi, plastiko edo paper gehiegi ikusi nahi dituenak ikusiko dituela. Alde Zaharreko kale batzuetako egoera asko aldatzen da larunbat gauetatik astelehen goizetara. Kaleen artean, gainera, klaseak era badirela argi dago.
Garbiketari dagokionez, Maroto eta Urtaran arteko desberdintasun handirik ez dagoela iruditzen zait. Kaleak txukuntzeko erabiltzen diren ibilgailu txiki zaratatsu horiek gora eta behera dabiltza kartsu goizetik gauera zigarrokinak, plastikoak eta paperak xurgatzen. Eta, orain udazkenean, orbela eta indi-gaztainak. Hainbesterako da garbiketa, ezen ia ezinezkoa dela gaztainekin jolastea (beste behin idatzi nuen hemen gaztainak leku batetik bestera ostikoka eramatearen jolasaz). Goizean goiz bat edo beste aurkitzea ez da zaila, baina eguerdirako dena dago garbi, garbiegi. Orbelarekin berdin gertatzen da. Gaua haizetsua izan bada, orbelaren gainean ibilitzeko plazerra izatea posible da goizean goiz, eguerdirako ezin. Udazkenean poeta malenkoniatsuarena egitea (oi, orbel iharra, bizitzaren ispilu!) gero eta zailagoa da.