meIKEL Martinez aktoreari Berria egunkariak aurreko astean egindako elkarrizketa irakurtzea, norbereak ere badiren arrazoi, oinarri, sentimendu eta, batez ere, motibazioekin bat egitea izan da. Antzerkia euskaraz egiteagatik ideologikoki justifikatuta sentitzen duela bere burua zioen. Martinezek medikuntza ikasi zuen baina bere bokazioa, itxura denez, euskararen osasunari lotuagoa zegoen giza gorputzarenari baino.

Elkarrizketa irakurtzen hasi bezain laster, Bilboko Hizkuntza Eskola Ofizialaren eraikinaren aurrean paratu nuen neure burua. 1988. urtea zen. Ingelesa ikastera joana nintzen ingurura, bat-batean, ero itxura hartu nion norbait ikusi nuenean. Kontrabaxu handi bat zeraman erdi tatarrez eta bere bostean hizketan zihoan. Aurretik eraman behar zituen bere bidean harrapatzen zituenak? Harik eta ozen hitz egiten hasi eta esaten zuenak zentzua zuela konturatu nintzen arte. Laster egin genuen Martinez entzuteko borobila. Aktore bat zen! Euskaraz ziharduen! Bera bakarrik eta Bilbon, kontrabaxu handi batekin?!

Niretzat, Martinezen “Kontrabajua” bakarrizketa, deskubrimendu bat izan zen. Plazan egiteko euskara jori eta hirirako hura miresgarria iruditu zitzaidan. Huraxe izan zen euskarak hunkitzeko balio duela konturatu nintzen eguna. Eta, hunkitu, aldeko ez zuen testuinguru batean! Huraxe izan zen Mikel Martinez aktorea ezagutu nuen eguna!

Ondotik, lan eskerga eta obra handi askoak egin ditu Mikelek, bakarka zein konpainia noble ederrean. Baina orduan bezain hurbila egin zait, bere elkarrizketa zintzoan, ideologikoki justifikatuta sentitzen dela irakurtzeak. Izan ere, euskara maila horretaraino maitatzeagatik “dena utzi” eta oholtza benetako eta metaforazkora igotako askori falta zaien errekonozimendu txikia iruditu baitzait Martinezi (eta beste askori, bere izenean) jarritako mikrofonoa.