IKURRIÑA balkoian jartzearen arrazoia, EAEko hiru parlamentario andreren bisita ez dela, edozeinek daki.Niri asko gustatu zait eta Rajoy jaunak besterik frogatzen badu ere berdin samar zait. Dakidana, egi borobilik botatzekotan, alkate berriak egun berean esandakoa: “Plazan dagoen jendetzaren gehiengo handi baten sentsibilitatea ordezkatzen dute goian dauden bandera horiek”. Ondo zekien Asiron jaunak Australia, Belgika, AEB edo Herbeheretatik etorritako gazte pila zegoela baina haiek ez Aragoikoak ez zutenez parlamentari ordezkaririk bidali... ba kito, banderarik ere ez. Ea hurrengo urteetarako zer asmatzen duten Madrilen, edo hara joan gabe, Iruñean bertan, Valladolid edo Aragoiko bandera jartzeko. Semantika, hitzen adiera, zaindu dezatela, alkateak parlamentariak aipatu duelako, ez diputatu ez besterik. Politikoki zuzena, aldaketarako alkate hori.

Zezenaren kontu horietan gehixeago kostatuko zaio, batzuentzako, azalpenak ematea. Haren alderdi bereko kide batek, Donostiako kargua hartu zuenerako, agindua zuen Ilunpen ez zuela inork zezenik toreatuko. Agindua bete ere bai, manduan izan den tartean behintzat. Ez du, itxuraz, tradiziorik ezarri, atzea eman orduko agintari berriek zezenak eta toreroak ekarriko dituztelako Donostiako plaza berri eta dotorera. Iruña ez da, ordea, Gipuzkoako hiriburua, Nafarroakoa baizik eta kostaldeak ere adardunok maiteak izen arren, Nafarroa aldean, sakratuak, totemak. Ez dut atzematen Gobernu edo Udal anitzeko inork proposatu ere egingo zuenik entzierroa edo zezenketa Sanferminetako egitarautik ezabatzea. Planteatu ere ez, nik uste. Jaiak desagerraraztea litzateke. Ez Iruñean bakarrik. Izenik esan gabe, neurri guztietako ehun bat herritan, zezen gabe, jaiak nondik hasi ere ez lukete jakingo. Hori gutxi balitz, egin dezagun galdeketa bat -erreferendum hitza dago bogan- ostalari edo beste komertzioen artean. Kostatuko zaio Udal berri horri, gai honetan, Bildukoekin ez ezik, horiekin ere politikoki zezenak izatea.